Mendizaletasuna nabarmena da eskualdean eta horren adibide da mendira zenbat jende joaten den, baina ez ingurukoetara bakarrik, urrutiko mendi altuek ere estimu handia dute. Batzuk oporrak mendira joateko aprobetxatzen dituzte eta beste batzuk espreski oporrak mendira joateko hartzen dituzte. Lanetik jai hartu eta igotzeko Shisha Pagma 8.046 metro dituen mendia da, eta Tibeten dago aukeratu dute eskualdeko bi mendizalek; Ibon Azkune azpeitiarrak eta Jexux Mari Errazu aizpurutxoarrak.
Biak ere mendian eskarmentu handia duten lagunak dira, Azkune Peruko mendietan ibilia da eta Errazuk, besteak beste, 2001ean, Azpeitian antolatutako Pumoriko espedizioan parte-hartu zuen; orduan, ordea, zortea ez zuten lagun izan eta igotzeko saiakeran Beñat Arrue mendizale azpeitiarra eta Iñaki Aiertza aizarnazabaldarra zendu ziren.
Igoera ohiko bidetik
Orain astebete joan edo ez joan zeuden. "Gure asmoa, Shisha Pagmako britaniarren bidea hego mendebaldetik egitea zen. Baina, bide hori egiteko baimena bion artean ordaindu beharra geneukan eta garesti ateratzen zitzaigun. Azkenean, beste batzuekin batera ohiko bidetik edo normaletik, iparraldetik, igotzeko aukera sortu zaigu eta joan den astean hara joatea erabaki genuen. Errazuk gainera lanean baimena eskatuta zeukan", dio Azkunek. Beraz, ez dira biak bakarrik joango, Xabier Ormazabal urretxuarra, Iñaki Alvarez zumarragarra eta Pedro Garcia ordiziarra izango dituzte lagun. "Baina, katalan bat eta madrildar bat ere gurekin datoz, haien izenak ez dakizkigu. Agentzia berdinetik goaz eta permisoa elkarbanatuko dugu", dio Errazuk.
Azkunek, Bilbotik Katmandura eramango duen hegazkina gaur hartuko du. Eta gainontzeko lagunak bihar abiatuko dira Nepalera. "Ostiralean denok Katmandun elkartuko gara eta handik Tibeterako bidea hartuko dugu. Katmandun gauzak oso larri omen daude, kalean liskar ugari dagoela esan digute agentzian eta han denbora gutxi egingo dugu", diote bi mendizaleek.
Valentziako agentzia baten bidez doaz. "Gaur egun errazagoa da agentzia bidez egitea, diruz pixkat garestiagoa da, baina denbora aurreratzen da. Agentziak beheko kanpalekura arteko guztia lotzen baitigu". Irailaren 19 edo 20rako Shisha Pagmako beheko kanpalekuan (5.400 metrora) izango direla espero dute eta handik gora beste hiru kanpaleku jarri beharko dituzte: lehena 6.300 metrora, bigarrena 6.800 metrora eta hirugarrena 7.400 metrora. "Denak mendiaren gailurra egiteko gogoz goaz eta denok egingo dugu igotzeko saiakera. Ederrena gainera denok gailurra igotzea litzateke". Urriaren 5a eta 10a bitartean tontorra igotzea aurreikusten dute.
Azpeitiarrak Shisha Pagman
Joan aurretik Shisha Pagma mendiaren berri, hango tontorra ezagutzen duten bi azpeitiarren ahotik jaso dute: Pello Angulo eta Josu Bereziartua dira horiek. Angulok 1995ean igo zuen, ohiko bidetik (Joxe Urbieta Takolo zena eta Patxi Ibarbia azpeitiarrekin joan zen) eta Bereziartuak, aldiz, 1996ko urriaren 11n igo zuen britaniarren bidetik (Felix Iñurrategi zena eta Alberto Iñurrategirekin joan zen).