Joseba Albizu: "Asmo batzuekin joan eta betetzen ez direla ikustea gogorra da"

Uztarria.eus 2004ko ira. 20a, 14:09

  • Espainiako itzulian parte hartu du azpeitiarrak baina ez du bukatzeko aukerarik izan
  • Denboraldia amaitu zaio eta hilabete eta erdiko atsedenaldia hartuko duela dio

Joseba Albizu Frantziako Tourrean Euskalteleko txirrindularien ordezkoen zerrenda zegoen baina ez zuen aukerarik izan parte hartzeko. Espainiako itzulian, ordea, aukera eman zioten eta zerbait egiteko gai zela erakutsi nahi zuen. Ez du zorterik izan eta azkenik erretiratzeko erabakia hartui zuen.

Zer asmo zenituen Espainiako itzulirako?

Aurrez parte hartutako lasterketetan nahiko ondo ibili nintzen eta Espainiako itzuli on bat egiteko nahia nuen. Gero etapan batean-edo zerbait egitea ere bai.

Hasieratik, lehenengo erlojupekotik, arazoak izan zenituen.

Bai, taldea azken postuan geratu zen eta neuk ere denbora galdu nuen. Hasieratik indarrik gabe sentitu naiz. Egun batekoa edo bikoa izango zela uste nuen eta jarraitu egin nuen ea hobekuntzarik izaten nuen, baina ez. Gero eta indar gutxiago nuen eta errekuperatzea ere gero eta gehiago kostatzen zitzaidan. Ez naiz ongi sentitu.

Psikologigoki ere kolpea izango zen.

Asmo batzuekin joan eta betetzen ez direla ikustea gogorra da. Taldeak ere zerbait espero zuen nigandik eta erantzuteko gogoa era banuen baina ezin nuela ikusten nuen.

Zergatik hartu zenuen erretiratzeko erabakia?

Asteazkena atseden eguna genuen eta nik kalenturarekin ohean pasa nuen. Hurrengo egunean atera nintzen baina gaizki nengoen. Kalentura zela eta aurrez nituen sentsazioak zirela, uztea erabaki nuen.

Orain oporrak.

Urrian bi lasterketa ditugu baina ziurrenik ez dut inon parte hartuko. Orain hilabete eta erdiz-edo lasai egoteko denbora izango dut eta gero berriro lanean hasiko naiz.

Hurrengo urterako aurreikuspenik?

Abenduan biltzen gara taldekideak eta orduan esaten digute txirrindulari bakoitzarekin zer egiteko asmoa duten. Aurtengoaren antzekoa izango da.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide