IV. Triku Festak erantzun "polita" izan du jende aldetik

Urola-Kostako Hitza 2004ko ira. 28a, 13:09

  • Antolatzaileak gustura agertu dira jendeak eta taldeek eman duten erantzunarekin; muga ordutegia izan da

Joan den ostegunetik aurrera IV. Triku Festa egin da Azpeitian, eta ibili den jende kopuruarekin eta erantzunarekin "gustura" agertu dira antolatzaileak, baita musika taldeen emanaldiekin ere.

"Balorazio orokorra egiteko oraindik ez gara elkartu, atzo (herenegun) dena jaso eta gero nekatuta geundelako, baina orokorrean pozik gaude", zioen Jon Alberdi antolatzaileetako batek. Ostegunean hasi zen Triku Festa, Korrale tabernan, Os Gallardos eta Estruktura taldeen kontzertuarekin. "Ostegunean taberna bete zen, Ostiralean ere jende asko ibili zen. Larunbatean beste hainbeste, eta igandea izan zen jende gutxien ibili zen eguna; baina igandekoa espero genuen", zioen Alberdik.

Karpak merezi izan du

Aurten, berrikuntza bat izan da Triku Festan: plazan karpa jarri dute. "Merezi izan duelakoan gaude, izan ere Triku Festari leku zehatz bat eman dio karpak. Kontzertu guztiak tabernetan egiteak, herrira zabaltzen du festa, baina karpak leku bat eman dio", zioten antolatzaileek.

Jendeak eta taldeek ez dute aitzakiarik izan laugarren aldiz egin den musikaren jaian, Triku Festan. Baina, "muga bakar bat" izan dutela diote antolatzaileek: ordutegia. "Goizeko 01:30ak edo 02:00ak alderako bukatu beharra zegoen emanaldiekin, Udalak ordu muga hori jarri baitzigun. Beraz, ordutegi horretara mugatu behar izan ditugu kontzertuak".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide