Herenegun, Azpeitiko Udaleko Hirigintza Batzordeak Garmendipen merkatal gunerik ez egitea erabaki zuen. Hirigintzak bi proposamen zituen aztergai mahai gainean lur eremu horretarako: lehen proposamenak belar artifizialeko futbol zelaia eta teniseko eta paddleko kanpoak jasotzen zituen eta bigarren proposamenak, beheko solairuan aparkalekuak, goian merkatal gunea eta gainean belar artifizialeko futbol zelaia. Julian Eizmendi Azpeitiko alkateak (EAJ) Hitza-ri jakinarazi dionez, Hirigintza batzordeak, "lehen proposamena aurrera eramatea" erabaki du; beraz merkatal gunerik ez egitea. Herriko merkatarien elkarteak (UEME eta Alde Zaharreko Merkatarien Elkartea), Garmendipen merkatal gunea egitearen aurka azaldu dira azken egunetan, eta komertzianteen artean sinadura bilketa ere egin dute; bildutakoak, 260, udaletxean aurkeztu dituzte.
Merkatariak gustura
Merkatarien esanetan gaur egun Merkataritza Biziberritzeko (PERCO) gauzatzen ari diren planari "kontrajarri" egiten zaio herrian merkatal gune bat egitea, eta "herriko dendariei" eragingo lieke. Udaleko Hirigintza Batzordeak hartutako erabakiarekin gustura agertu dira herriko merkatarien bi elkarteak: "Gu gustura gaude, azken finean Garmendipen merkatal gunea egitearen aurka geundelako". Hala ere, merkataritza suspertzeko eta biziberritzeko planarekin aurrera jarraitzeko "ilusioarekin" daudela adierazi dute dendariek eta aurrera begira ere Udalarekin PERCO-n "elkarlanean jarduteko prest eta gogoz" daudela.
Epaitegia leku berean
Besteak beste, herenegun egin zen Udaleko Hirigintza Batzordeak ez zuen bakarrik Garmendipeko lur eremuko egitasmoa izan aztertu. Aurreko legegintzalditik datorren beste gai baten inguruan ere erabakia hartu zuen: Azpeitiko epaitegiaren kokapena.
Azpeitiko alkatearen esanetan, gaur egun dagoen toki berean egingo da epaitegi berria; horixe erabaki zen. Aurreko legegintzaldian beste leku batzuk ere aipatu ziren epaitegia egiteko, esaterako, Damaso Azkue auzogunea. Epaitegiko eraikina egoera txarrean dagoela-eta berri bat egiteko erabakia hartu zuen Eusko Jaurlaritzak. Beraz, epaitegia non kokatu erabaki behar zuen Azpeitiko Udalak. Eizmendiren esanetan, epaitegi ko eraikin berria gaur egungoa dagoen leku berean egingo da eta orain duen "antzeko bolumena" izango du.