Zeroak

Jon Sarasua 2004ko urr. 1a, 13:10

Orain dela sei bat urte idatzi zuen artikulu hau Jon Sarasuak, Egunkaria-n. Azpeitiko Udalak Urola-Kostako Hitza-ri batere eurorik emango ez diola eta, Uztarriari iruditu zaio interesgarria dela Sarasuaren gogoeta berreskuratzea

Gorriek eta zuriek aipatzen dute euskararen biziberritzean estrategiak berrikusi behar direla. Gogoeta egin eta zehaztea falta da. Har ditzagun, adibidez, euskarazko hedabideak. Indarrean dagoen eredua zera da: telebistan, monokultiboa (ETB); irratian, nagusikultiboa (EI); prentsan, prekarietatea.

Demagun estrategia berriak eskatzen dituela egoerak. Telebista-eskaintza beste era batera planteatzea, edo herri-telebisten espazioa hartzeko euskal proiektuak serio bultzatzea, adibidez. Edo irratian dialeko aukera aniztasuna bultzatzea. Edo prentsari eta bere euskarri berriei pisu espezifiko berria ematea. Demagun, ildo aldaketak beharrezko ikusten direla, gogoeta egin ondoren.

Horrek aurrekontuetako zeroak aldatzea eskatuko luke. Adibidez, EITBk 11.000.000.000 pezeta publiko irensten ditu urtean, Kultur Sail osoaren erdia. Sailaren beste erdiko zeroak nola banatuta dauden ere, aski ezaguna da. Jakina, zeroak aldatzea da politikarien funtsezko gaitasuna. Zeroak dira asmo onak ildo bihurtzeko tresna. Zer gertatzen da? EAEko kultur agintariek ez dutela zeroak aldatzeko gaitasun politikorik. Interesak, presioak, alderdiaren barruko indar erlazioak, beraien borondate on baina ahula… Kontua da zenbaki txikiak bakarrik mugi ditzaketela, ez ardatzak, ez zeroak. Hedabideena adibidea zen, kulturako beste epigrafe guztietan ere gauza bera gertatzen da.

Egia da beren [Eusko Jaurlaritzaren] Euskararen Aholku Batzordea inoiz baino zabalagoa dela, batez ere batzordeak sortu dituztenean. Hori zoriontzekoa da. Nire kezka da Aholku Batzordearen ildoak ere horrek bahituko dituela: zeroak mugitzeko gaitasun faltak Posible omen denaren barruan pentsatzera mugatuko direla; hau da, kultur agintarien gaitasun falta horren barruan, Aholku Batzordea, beste elkarteen kinka berean aurkituko da: zeroen mugiezintasuna irentsi eta gelditzen den esparru txikian konbinaketak egiten. Badakit hori ere positiboa izan litekeela.

Baina, benetan, zer nahi dugu? Nor eta zenbat gara hori nahi dugunok? Ildoak berrikusteko garaia da. Ezin dugu pentsamendua bahitu oraingo agintarien ezintasun numeriko-poltikoan.

Askok esango dute zeroak aldatzeko gaitasunik ez duen agintariari berari jarri behar zaiola zeroa. Nik uste bia edo hirua merezi dutela Euskararako Sailordetzakoek, komunikazio eta ahaleginagatik. Baina nahikora, bostera, iristeko zeroak tokiz mugitzeko gaitasuna behar da. Sentitzen dut. Esango dute gustoko kirola dela agintariei egurra ematea. Eta ez, osasungarri eta lasaigarria da iritzi ona izatea. Baina, benetan, euskararen garapenak zeroak dantzan jartzea eskatzen duela uste dut. Eta euskalgile gehienek hala pentsatzen dutela iruditzen zait. Aprobaturik ez eskatu. Baina, hala ere, numero txikienak mugitzeko ere, elkarlanerako prest.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide