Azpeitiko Udalak eurorik ez dio emango 'Urola-Kostako Hitza'ri

Urola-Kostako Hitza 2004ko urr. 5a, 20:10

  • "Dirurik ez" duela dio, EBPNn ez dela lehentasuna eta Hitza "Uztarriaren bidez finantzatzen" duela
  • Uztarriaren ustez, ezezkoaren arrazoi bakarra, "Udalaren borondate politiko eza" da

Azpeitiko Udalak ez dio Urola-Kostako Hitza euskarazko egunkariari diru laguntzarik emango. Hitzaren enpresa Urola-Kostako Hedabideak aspalditik ari zitzaion udal diru laguntzei buruz erantzun eske, eta Udalak irailaren 13an jakinarazi zion erabakia, udaletxean bi aldeek egin zuten bileran; Julian Eizmendi alkatea eta Ana Mendizabal Euskara batzordeburua izan ziren udal ordezkariak. Gaia ez dute udalbatzarretik pasatu.

Arrazoietako batean, Udalak esan zuen Uztarria Azpeitiko Kultur Koordinadora eta Hitzaren enpresako bazkideetakoa diruz laguntzen duela eta, beraz, "Hitza Uztarriaren bidez finantzatu" egiten duela, "langileak, lokala, argazkiak, materiala..." aipatuz.

Hitzaren ordezkariek bileran esan zieten hori horrela ez dela, eta Uztarriak azkenerako inbentarioa egin behar izan du froga gisa. "Bistan da: Udalak ez du erredakzioaren antolaketaren ezagutzarik, ezta Hitzaren eta Uztarriaren jabetzen ezagutzarik ere, eta, hortaz, Uztarriaren eta Azpeitiko egoitzako Hitzaren inbentarioa eman genien alkateari eta udal taldeei hurrengo egunetan, zehatza: langileak, ordenagailuak, inprimagailuak, argazki kamera digitalak, eskanerrak, fotokopiagailua, mahaiak, ADSL lineak, telefono aparatuak, argazkiak...", dio Uztarriak. Eta hauxe "frogatu" die horrekin: "Uztarriak bere langileak eta bere materiala ditu, eta Hitzak bere langileak eta bere materiala. Hitza ez da aprobetxatzen Uztarriaz; are gehiago, Uztarriak probetxu handiagoa ateratzen dio Hitzari. Eta, gainera, Hitza Uztarriaz aprobetxatuko balitz ere zer? Eztabaida ez da zein ari den gehiago aprobetxatzen, baizik eta Azpeitiak ere euskarazko komunikabide indartsuak behar dituela, eta bide horretan, eragozpena dela Udalak ez laguntzea Hitza".

Urola-Kostako Hedabideak sortzean, Uztarriak zegokiona jarri zuen: 270 euro. "Guk ez dugu diru gehiagorik jarri Hitzaren enpresan. Gurea euskara elkartea da, ez da irabazi-asmokoa, urteroko dirua Uztarriarako baino ez dugu erabiltzen, eta nekez finantzatuko du Uztarriak Hitza. Gainera, Azpeitiko Udalak Uztarriaren diru kontu guztiak badauzka".

Udalak, horretaz gain, esaten du Uztarria "komunikabideen arloan, urtean biztanleko hiru euro baino gehiagorekin laguntzen" duela, baina Udalak "komunikabideen arloan" sartzen ditu, Uztarriaren aldizkaria eta web orriaz gain, elkartearen Literatuzta literatura gehigarria eta liburuak (biografiak, historiari buruzkoa eta mendi ibilaldiei buruzkoa). Alegia, dena zaku berean sartzen duela".

Ondorioz, Urola-Kostako Hedabideek eta Uztarriak berak "garbi" utzi nahi dute Udalak Uztarria diruz laguntzen duela —"oso garrantzitsua da hori"—, "baina garbi dago Udalak ez duela Urola-Kostako Hitza diruz laguntzen". Are gehiago: "Hitzaren proiektua berria da, eta aparteko proiektu bezala tratatu behar da udal laguntzak ematean ere", diote Urola-Kostako Hedabideek.

Dirurik "ez" du eta EBPNn "beste lehentasun batzuk"

Udalak beste bi "arrazoi" ere erabili ditu ezezkoa ematean: batetik, "aurtengo dirurik ez" duela dio eta, bestetik, Euskara Biziberritzeko Plan Nagusian (EBPN) "beste lehentasun batzuk" dituela.

Urola-Kostako Hedabideek bileran zioten iaztik ari dela udalei Hitzaren proiektua azaltzen, egunkaria sortu aurretik, "eta, beraz, Azpeitiko Udalak izan du aurreikuspenak egiteko eta gai hau aurrekontuetan sartzeko denborarik. Ez badu sartu, hori bere erabakia da, berak hartutako erabaki politikoa". Uztarriak erantsi du "Udalaren borondate politiko ezagatik" geratuko dela Hitza diru laguntzarik gabe.

EBPNko lehentasunei dagokionez, Udalak dio planean "beste lehentasun batzuk" dituela —"enpresak, udal langileak..."—. Hitzaren enpresako ordezkariek bileran esan zuten euskararen normalizazioan "komunikabideen arloa besteak bezain lehentasun" dela, "EBPNk berak esaten duelako estrategikoa direla herri komunikabideak, lehentasun altukoak eta lagundu beharrekoak".

Hori guztia dela eta, Azpeitiko Udalari berriz ere urtean biztanleko hiru euroko diru laguntza eskatu dio Hitzak.

Zestoako eta Getariako udalek ere ez dute euskarazko egunkari hau lagunduko; Aizarnazabalgoak bai.

Uztarria herriko elkarteekin biltzen hasi da

Azpeitiko Udalak Urola-Kostako Hitzari diru laguntzarik emango ez diola eta, Uztarria Kultur Koordinadora —Hitza-ren enpresako bazkidea da— herrian elkarteekin-eta bilerak egiten hasi da, egoera zein den eta Uztarriaren beraren arrazoiak zein diren azaltzeko. "Gure ustez, Udalak ez du argudiorik Hitza batere ez laguntzeko. Arrazoi bakarra, borondate politiko eza da", dio Uztarriak. Hitzaren enpresan Azpeitiko lau gizarte eragile daude: Lagun Onak Mendi Bazkuna, Ikasberri Azpeitiko Ikastola, eta Zutoin (Urola Ikastola Azkoitia-Azpeitia BHI) eta Zutarri (Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarai) guraso elkarteak, eta Uztarriako eta Urola-Kostako Hedabideetako ordezkari bana haiekin bildu da, informazio osoa emanez. Horrez gain, Uztarriak koordinadorako euskara, kultura eta hezkuntzako elkarte guztiak ere informatu ditu, baita 984 bazkideak ere.

Alderdi politikoei dagokionez, EAk Udalean EAJrekin osatzen du gobernua, baina irailaren 13ko bileran EAko ordezkaririk egon ez zenez, berari ere eskatu dio batzarra Uztarriak. Habea udal plataformari ere bai. "Hitzaren proiektua oso garrantzitsua da, eta denen inplikazioa behar da: herriko elkarteena, Udalarena eta herritarrena", esan du Uztarriak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide