Herrian, batetik bestera, autoz, bizikletaz eta oinez; mugitzeko herritarrek dituzten ohiturak, arazoak, konponbideak eta alternatibak aztertu nahi ditu Udalak. Horretarako, Mugikortasun Iraunkorreko Plan Orokorra jarri du martxan.
Orain dela egun gutxi mugikortasunaren plana Intra enpresa kataluniarrari esleitu dio; Udalaren esanetan "mugikortasun gaietan aditua den enpresa da eta urte askotako esperientzia du".
Atzo, astelehenean, ekin zion Intra enpresak lanari. Izan ere, eremu lana egingo dute ostirala (urriaren 8a) bitartean: "Batetik, ibilgailu mota guztien eta oinezkoen zenbaketak egingo dituzte herriko gune desberdinetan eta bestetik, herritarren eta ibilgailu gidarien artean inkestak egingo dituzte, azpeitiarrek eta Azpeitira etortzen direnek dituzten ohiturak ezagutzeko helburuarekin". Lan hori burutzeko Udaletik azpeitiarren lankidetza eskatu da, "ahalik eta zehaztasun handinekoa" izateko.
Baina, eremu lana planaren lehen zatia izango da, besteak beste, oinezkoek eta bizikletadunek dituzten arazoak eta konponbideak, autoen zirkulazioaren ordenazioa eta industri poligonoetara eta auzoetara joateko alternatiba desberdinak aztertuko baitira.
Udalak, joan den hileko Mugikortasun Iraunkorrarren astean garbi utzi zuen prozesu honetan herritarren laguntza "ezinbestekoa" dela eta gaiarekin lotutako bi dokumentu aurkeztu zituen: Mugikortasun Iraunkorreko Dokumentu Estrategikoa eta Santutxo, Etxe Alai eta Arana Goikoa auzoetako mugikortasun eta irisgarritasun azterketa. Honela, hainbat buruhauste eragin dituen arazoa konpondu nahi dute.