Kirol guneari buruzko auzia "desitxuratu" egin dela dio EAk

Urola-Kostako Hitza 2004ko urr. 6a, 18:10

  • EAk Udalean defendatuko proposamenean kirol gunea dela "garrantzitsuena" adierazi du eta, ez merkatal gunea
  • EAk Hirigintza batzordean hartutako erabakia alda daitekeela dio, herritarrek "hala eskatuko" balute

EAk udalean Garmendipeko kirol gunearen inguruan defendatu duen proposamena azaldu nahi izan du, "desitxuratu" egin dela esanez. Udaleko zinegotzi diren Eusko Alkartasunako hiru lagunek eman zituzten atzo azalpenak: Iñaki Larrañagak, Manuel Unanuek (EAko bozeramalea) eta Kandido Mitxelenak (Udaleko kirol batzordeburua).

Bi proposamen zeuden: bata kirol gunea egitea zen eta bigarrena, kirol gunearen baitan merkatal gunea jartzea. Hirigintza batzordean lehenengoa onartu zen. Hala ere, EAkoek bigarren proposamenaren alde egin zuten. "Asko hitz eginda komertzio guneaz eta gutxi kirol guneaz. Merkatal guneaz jardun denean, jendeak Urbil, Garbera eta horrelakoetaz jardun du; eta guk horrelako ezertaz ez dugu hitz egin", zioen Unanuek.

EAkoen esanetan, beraien proposamenean garrantzia kirol guneak du. "Belar artifizialeko futbol zelaia eta estalitako bi teniseko eta bi paddleko kanpo egingo lirateke; kiroldegiaren altueran, anexoko futbol zelaia baino 25 bat zentimetro gorago, eta azpian 7.500 metro karratuko lekua izango genuke aldagela eta kirol ekipamenduetarako. Aparkalekuak egiteko ere tokia izango genuke. Proiektu hori 700 milioi pezeta kostako litzateke eta udalean Hirigintza batzordean egitea erabaki dena egiteko 200 milioi pezeta". Baina bigarren proposamenak Udalari "pezeta bakar bat gehiago ez kostatzeko eta kirol ekipamendu hobeak" egiteko era eskaintzen duela dio EAk. "Udalean supermerkatu bat egiteko proposamena aurkeztu du merkatal etxe batek eta han ez bada beste nonbait egingo du. Beraz, kirol gunean inbertitzeko diru iturri izan daiteke. Baina legeak esan bezala lehiaketa publikoa egingo litzateke", diote.

Udalak mugatuta

Kirol gunean merkatal gunea egitea erabakiko balitz, Udalak mugak jartzeko bideak izango lituzkeela dio EAk: "Udaletik mugatu egin dezakegu. Adibidez, super merkatua balitz janaria bakarrik saltzera eta abar. Eta inola ere merkatal gune batekin ez luke zerikusirik izango". EAkoek merkataritza biziberritzeko planarekin, PERCOrekin, bat egin dutela eta bat eginda jarraitzeko asmoa dutela azaldu zuten: "Gainera PERCOn inondik inora ez da agertzen horrelako komertzio bat txarra litzatekenik".

EAkoek azaldu zutenez horrelako merkatal guneek hartzen duten lekua eta biztanle kopurua kontuan hartuta Azpeitia beste herrien azpitik legoke: "Andoainen 27,88 da, Beasainen 33,71, Elgoibarren 46,54, Eibarren 41,54, Tolosan 33,46, Lasarten 73,60, Zarautzen 26,8, Zumaian 32,4, Zestoan 7,06, Azkoitian 47,64 eta Azpeitian 8,79".

"Proposamena Azpeitiarentzat ona edo txarra den galdetzen dugu. Gure ustez ona da", zioten. Eta EAren ustez, gainera, Hirigintza batzordeko erabakia aldatu daiteke, herritarrek "hala eskatuko" balute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide