Laxaro Azkune, Loiola Herri Irratitik kanpo

uztarria 2004ko urr. 7a, 20:10

Laxaro Azkune, Loiolan Herri Irratiak duen egoitzaren aurrean.
  • Atzo, asteazkena, egin zuen bere azken irratsaioa
  • Herri Irratia berrantolaketa prozesuan dago eta jendez aldatzen ari da

Laxaro Azkune irrati esatari ezagunak utzi egin du Herri Irratia, lanetik kanpo utzi dutelako. Atzo gauean eman zuen bere azken irratsaioa. 21 urtean aritu da han. Irratsaioan azalpenik eman gabe joan zen, agurraren berri emateko emisioa eten egin zutelako.

"Irratiko gaur egungo zuzendaritzak nahiago izan du zeregin horiek beste norbaitzuekin eta beste modu batean lantzea. Bestetik, irratia bera, diru arazoak bide, berrantolaketa batean sarturik dago azken urteetan". Horrela adierazi du Laxaro Azkune oñaztarrak bere amaiera mezu batean.

Egindako lana eta igarotako urteak gogoratzen ditu. "Niri irrati honetara sartzeko aukera eman zitzaidanean (1983an), bide zabala eman zidaten; hau da, euskara, euskal kultura... lantzeko, gehiago zehaztu gabe. Euskal Herria proiektu bezala hartu nuen bere izaera propio eta nortasunetik, eta bide horretan eskuak libre izan ditut 21 urte hauetan. Nire aldetik urte emankorrak eta pozgarriak izan dira, oro har, urte hauek. Jende asko eta ona ezagutu dut, eta beti borondate oneko jendez inguraturik izan naizen irudipena dut".

Irratsaioan beti euskal gaiak

Loiolan Herri Irratian iraun duen artean hainbat irratsaio egin izan ditu; hala nola, Bidez bide, Kale kantoian, Txinpartak... eta azkenekoa Iturritik* izenekoa. Beti euskara eta kultura landu ditu.

Orain Laxaro Azkunek itzulpengintzari helduko dio, Jesusen Lagundiak hala eskatuta. "Garai eder bat bukatu da, eta beste bati ekingo diot, baina beti ere euskara, euskal kultura eta Euskal Herria buru eta bihotzetan ditudala, eta nire eguneko orduak berari eskaintzeko asmoz. Esker ona besterik ez dut guztiontzat".

Alex Aranzabal da Herri Irratiko zuzendaria, eta gaur Berria-n elkarrizketa batean zioen "orain aldaketa handiak bizi" dituztela irratian. "Aldaketa handien" ondorioz geratu da kalean Laxaro Azkune. Aurretik beste batzuei tokatu zitzaien gauza bera: Mailu Odriozolari zestoarrari... Gaur Uztarria saiatu da Aranzabalekin harremanetan jartzen, baina ezin izan du.

Laxaro Azkune, Uztarria Kultur Koordinadorako lehendakaria da, iazko azarotik.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide