Habea ezker abertzaleko plataformako legez kanporatua dago udal ordezkariek kurtso politiko berria hasi den honetan, Udalean "bazterkeria politikoa" jasaten duela salatu zuen atzo, eta gaur egun Udalean eztabaidagai diren zenbait gairen inguruko iritzia kaleratu zuten.
Aitzol Iparragirre Habeako ordezkariak eta Udaleko zinegotziak "oraindik Udalak herritarrengandik urrun" jarraitzen duela eta hori ekiditeko "tresnarik ez dela" jarri salatu zuen. Adibide bezala, joan den astean egitekoa zen osoko bilkuran gazteen eta alkatearen artean gertatutakoa jarri zuen: "Gazteek aurkeztutako mozioa aztertzeari uko egin zioten, eta nahiago izan zuten gaia aztertu eta landu baino udalbatzarra bertan behera uztea".
Ondoren, "EAJ-EAk proiektu handien eta gutxiengokoen intereserako direnei heldu" diola salatu eta herritarrak "duintasunez bizitzeko proiektuak azkartu" behar direla aldarrikatu zuten.
Arcelor-en handitzea
Herritarren artean eta Udalean aztergai diren zenbait proiekturen inguruko azalpenak ere eman zituen atzo Habeak. Miren Odriozola, Arcelor enpresa egiten ari den handitzearen inguruan jardun zen.
Uztailaren 29an, Udalean EAJk, EAk, PSEk eta PPk Arcelor enpresa Landetan, Gazteko bidegurutzera artean, laminazioan egiten ari den zabaltzeari baiezkoa eman zioten. "Habeakoak aurka azaldu ginen orduan, eta arrazoiak hauek dira: handitzeak mendia txikitzea ekarriko du eta bestetik, beti hor ezagutu dugun Atzeko bidea edota Apaizen pasealekua desagertuko dira. Gaur egun 450 kamioi ibiltzen dira joan-etorrian Arcelorren. Enpresa handitzen denean, berriz, 250 kamioi gaur eguneko tokitik (Enparan gainetik) eta beste erdia Gazte aldetik Zumarraga aldera ibiliko omen dira. Horrek, gaur egun Landetan sortzen den auto ilada gehitzea dakar, eta nola ez, kamioientzat errepidea egiteko mendia txikituko da".
Arazoak alternatiba baduela diote Habeakoek: "Arcelor enpresa herriaren erdian dago eta Udalak, herritik aldenduta, enpresa jartzeko beste lur batzuk bilatzen lagundu beharko luke. Horrela, herri garbiagoa izango genuke", gaineratu zuen Odriozolak.
Kirol gunea Loiolabiden
Beste behin, atzo, Garmendipen egin nahi den kirol gunearen proiektuaren azterketa Udalean "ezkutuan" egin dela salatu zuen Habeak. "Udaletxean gutxi eztabaidatu da, eta azkenean gaia kalera atera da. Baina, badirudi eztabaida bakarra nolako kirol gunea izan behar duen dela", zioen Iñaki Errazkinek. Habeak Loiolabiderako proposamena egiten jarraitzen duela ere esan zuten. "Praktikan, Loiolabide ingurua azpeitiarrentzat kirol gune naturala da, eta han aisialdirako eta kirolerako altxor bat dugu", zioen Errazkinek.
Bestetik, eta Garmendipen kirol gunearekin batera merkatal gunea egiteko proposamenaren inguruan "dendari txikien interesak aurretik" jarri behar direla adierazi zuten Habeakoek. Erantzun beharreko galdera, berriz, zer-nolako kirol gunea behar dugun dela esan zuten, "hori delako lehentasuna".
Urola-Kostako Hitza
Errazkinen ondotik Dorleta Odriozolak hartu zuen hitza, Urola Kostako Hitza-z jarduteko. Habea Udalak Hitzari diru laguntzarik ez ematearen aurka zegoela esan zuten. "Guk uste dugu Hitza lagundu behar duela Udalak, eta hiru dira arrazoiak: lehenik, Hitza diruz ez laguntzearen erabakia ez da udalbatzarrean hartu. Kurtso politikoa hasi dugunetik ez dugu Euskara Batzorderik egin. Beraz, EAJk berak hartutako erabakia dela uste dugu. Bigarrenik, Euskara Biziberritzeko Planak dio komunikabideen arloa estrategikoa dela eta Hitzaren proiektua hor bete-betean sartzen dela uste dugu".
Udalak Hitzari dirua ez emateko "dirurik ez" dagoela esan diola eta, horren aurrean, irtenbideak bilatu daitezkeela uste du Habeak: "Nahi denean dirua ateratzen da, Hitza proiektuaren garrantzia baloratuko balute, ez legoke dirua arazorik". Eta datu bat gaineratu zuten Habeakoek, haien hitzetan: "Azpeitian Zer? aldizkariak urteko 70 mila euroko aurrekontua du Udalarentzat eta Uztarriak eta Hitzak, biak batera, 65 mila eurokoa".
San Martin egoitza
San Martin egoitzaren auzia ere kalean dabil uda aurretik, eta Habeakoek gai horren aurrean beren iritzia kaleratu zuten. Egoitzaren proiektu berrien aurrean "adinekoen eta herritarren iritzia kontuan hartzeko" eskatu zuten atzo.
"Jakina da Udala azken urteotan adinekoentzako egoitza berri bat eta integrala egitekotan dabilela, eta gaur egun hiru alternatiba aztertzen ari da. Batetik, San Martin egoitza bertan egitea, baina lehengo eraikina bota eta berria egin beharko litzateke. Udalak garestia aterako litzatekeela dio. Bigarren aukera, esklabetan egitea da eta hirugarrena, esklaben ondoan Udalak erosita dituen lurretan egitea litzateke", azaldu zuen Miren Odriozolak. Ondoren, horrelako "erabaki garrantzitsuak" hartzerako herritarren parte hartzea beharrezkoa dela gaineratu zuen.
Sistiagako harrobia
Sistiagako harrobiaren handitzearen auzian Udalak erabakirik eta esku-hartzerik hartu ez izana salatu zuen Habeak. "Gure ustez Azpeitiko Udalak lehentasunez heldu behar dio gaiari, eta jarrera bat hartu beharko luke harrobiaren inguruan eta bitartean txikizioa gelditu beharko litzateke", adierazi zuen Iñaki Errazkinek.