Norbera ezagutzeko ikastaroa asteburuan zehar

Urola-Kostako Hitza 2004ko urr. 18a, 19:10

Eneagrama ikastaroan parte-hartu duten ikasleak Sindikatu Zaharrean egon dira. (Ion Aranburu)
  • Eneagrama ikastaroaren lehen mailan 15 lagunek hartu dute parte, eta aurrera begira, jarraipena izango du
  • Eneagrama norberaren burua eta besteena hobeto ezagutzeko balio duen aspaldiko teknika da

Azpeitiko Udaleko Gazteria Sailak udazkenerako antolatu dituen ikastaroak hasi dira jada. Ikastaro hauek 18 urtetik gorakoentzat zuzenduta daude, eta urrian hasi eta abendura arte luzatuko dira. Ikastaroetan Eneagrama, Sukaldaritza eta Sabel dantza ikasteko aukera izango da.

Eneagrama ikastaroan 15 lagun egon dira Sindikatu Zaharrean Julia Leon irakaslearen gidaritzapean. Azpeitiarrak ezezik, inguruko herrietako jendea ere etorri da. Ikastaroa hiru mailatan banatzen da, eta asteburu honetan Eneagramaren oinarriak irakatsi dira. Oraindik zehaztu gabe dago falta diren bi mailak noiz irakatsiko diren. Leonek dioenez, "gaurkoa lehen mailako ikastaroa da. Seguruenik, maila honetako beste bat emango dugu oraingoan parte-hartzerik izan ez dutenetzat. Ikastaroetan esandakoaz pentsatzeko epe bat utzi, eta gero erabakiko dugu gainontzeko mailak noiz eman".

Eneagrama Babilonian eta Mesopotamian duela milaka urte sortutako teknika da. Teknika horrek norbere burua ezagutzeko balio du. Leonen hitzetan, "izaeren inguruko teknika bat da. Norbere burua ezagutzeko balio du, eta baita besteak ezagutzeko ere. Horrela, norbanakoak pertsonalitatea baino gehiago garela ikasten du". Pertsona bakoitzak dituen joerak ezagutzeko balio duela dio Leonek: "Pertsona bakoitzak joera jakin batzuk dauzkagu, eta horiek ezagutzen ditugu, joera horiekin bizitzen ikasteko".

Eneagramaren nondik norakoak ikasten direnean gehiago lantzeko aukera dagoela esan du Leonek, ikastaro zehatzagoetan: "Nahi izanez gero bikotearekiko harrremanak, seme-alabekiko harremanak eta antzekoak ere landu daitezke, baina ikastaro horiek zehatzagoak dira".

Eneagramaren teknika ezagutzea edozein pertsonarentzat baliagarria dela dio Leonek, baina, batez ere, nerabezaroan daudenentzat da ikastaroa: "Nerabezaroan oso galduta egoten gara eta, askotan, biktima sentitzen gara. Eneagramak bizitzaren norabidea aldatzen du, eta ulergaitzak egiten zitzaizkigun gauza asko, ulertu egiten ditugu teknika horiekin" irizten dio ikastaroaren irakasleak.

Eneagramaren inguruan idatzi asko daudela dio Leonek, eta horietako batzuk jainkoaren sinesmenaren aurkakoak direla omen diote. Leonen iritziz, "kritika horiek ez dute inolako zentzurik, jesuitek ere irakasten dutelako. Izan ere, 1930 inguruan Chicagoko jesuitak hasi ziren teknika hau irakasten. Erlijioan izan dezakegun fedea ete Eneagrama ez dira, inondik inora, elkarren aurkakoak".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide