Estitxu Elduaien: "Nik 27 urte ditut eta gaztea sentitzen naiz"

uztarria 2004ko urr. 20a, 21:10

Estitxu Elduaien, *Matraka* gazte astekariko arduraduna. (*Urola-Kostako Hitza*)
  • Estitxu Elduaien azpeitiarra Matraka astekariaren arduraduna da
  • Berria egunkariak gaurtik, asteazkenetik, hasita astero aterako du gazteentzako aldizkaria

Berriak gazteentzako astekaria atera du gaur, asteazkena, lehen aldiz. Matraka izena du astekariak eta Estitxu Elduaien azpeitiarra arduratuko da astekaria zuzentzeaz. Uztarria.com-ek galdera batzuk egin dizkio:

Zergatik jarri diozue Matraka izena?

Nahiz eta izen hori aipatu eta orokorrean esan nahi batekin identifikatzen den, eskandalu edo buila, baditu beste batzuk ere, neskazahar, lotsagabe esaterako. Guk bi ezaugarri horiek nahastu nahi genituen.

Eta zu zaitugu Matraka buru. Agian, matrakazalea zarelako?

Galdera horri ezin ba nik erantzun. Hemengo (Berriako) zuzendariek hartutako erabakia da. Niri arduradun izatea nahi nuen galdetu zidatenean baietz erantzun nuen. Beldurra ere banuen, erronka bat zelako baina proba egin gabe ezetz esatea koldarkeria litzateke. Baina ez dakit zergatik aukeratu ninduten.

Matrakakideak unibertsitateetan daude zabalduta. Ikasleak al dira kolaboratzaileak?

Egitasmoa abian jartzean errazera egin eta prest egongo liratekeen jendearen bila jo genuen, benetan interesatuak egon zitezkeen eta mundu honekin zerikusia duten pertsonengana. Horregatik, adibidez, kazetaritza eta filologia ikasten ari direnengana gerturatu ginen. Baina gure asmoa edozein gaztek parte-hartu ahal izatea da, injeniariak badira ere.

Nolako funtzionamendua izango du?

Ideia besterik ez zenean proiektua gauzatzeko prest egongo ziren gazteak aurkitzeko aukerak tanteatzen hasi ginen. 30 lagun gara orain. Unibertsitateetan daude taldeak, bada bestelakorik ere, eta bakoitzak koordinatzaile bat du. Ni koordinatzaile hauekin jartzen naiz harremanetan eta lanak banatzen ditugu. Talde bakoitzari eginkizunak jarri eta gero horiek arduratzen dira lanak egiteaz.

Gazteak zuzentzeko ardura ez al da zaila izango?

Ez pentsatu. Ni ere ez naiz zaharra ustez. Sortu den taldea gustura eta gogoz dago. Orain artean dena ondo joan da eta huts egiten badugu ere dagoen anbienteak umorez hartzen lagunduko digu.

Eta 28 urteko gaztea naizela esaten badizut.

Sinistu egingo dizut. Nik 27 ditut eta gazte sentitzen naiz. Azken batean, karnetean agertzen den zenbakiak ez du ezertarako balio.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide