Loiolako informazio gunean 13.000 bisitari hartu dira

Urola-Kostako Hitza 2004ko urr. 27a, 21:10

  • Aurten aurreneko aldiz udan informazio gunea basilikatik kanpo jarri dute
  • Informazio bila gerturatu direnak eskualdera bideratzen saiatu direla dio Iraurgi Lantzenek

Aurten aurreneko aldiz, Loiolako turismo informazio puntua santutegiaren kanpoaldean egon da; uztailaren 7tik urriaren 12a arte, asteartetik igandera, 10:00etatik 13:30era eta 15:30etik 19:00etara. Denbora tarte horretan 13.658 bisitari hartu dira gune horretan. Euskal Herriko txoko desberdinetatik 2.342 lagun etorri dira eta Madrildik eta Kataluniatik 2.874 pertsona. Frantziatik, Italiatik, Portugaldik, Erresuma Batutik eta AEBtik etorritako jendea ere iritsi da Loiolako informazio gunera.

Udan informazio gunean ibilitako turista kopuruak kontutan hartuta Iraurgi Lantzenek "balantzea positiboa" izan dela esan du. "Turismo informazioko puntua Loiolan kanpoan jarrita, bertara etorri diren bisitariei behar den bezalako zerbitzua eskaini ahal izan zaie eta ondo informatuta egon dira. Bestalde, hara etorri den jendea benetan informazioa jasotzeko interesa zuen turista izan da, eta gustura jaso du bai eskualdeari eta bai gainontzekoari buruz eman zaion informazioa".

Eskualdera bideratu

Iraurgi Lantzenetik jakinarazi denez, informazio gunera hurbildu direnak "lehenik eta behin eskualdera bideratzen" saiatu dira. "Eskualdeko informazioa eta eguna pasatzeko dauden aukerak azaldu zaizkie bisitariei. Loiolara etorritako hainbat turistak Trenaren Museoaz, Ingurumen Etxeaz eta Azkoitiko San Martin ondare museoaz interesa agertu dute. Bi herrietako, Azkoitiko eta Azpeitiko, alde zaharrak ezagutzera ere abiatu izan dira Loiolatik eta askori luzatu izan zaie eskualdeko jatetxeen zerrenda, jatordua non egin daitekeen galdetu izan dutenean".

Eskualdekoaz gainera Hiru Tenpluen ibilbidearen, Gipuzkoako beste eskualdeen eta Euskal Autonomi Erkidegoko informazio orokorraren berri eman dute turismoko gunean "askok" eskatu dutelako. "Esku-orriak, aldizkariak, posterrak, mapak eta turismoko materiala banatu da".

Loiolako informazio puntua. Datuak

Loiolako turismoko informazio gunea uztailaren 7tik urriaren 12a bitartean egon da irekita eta epe horretan izandako datuak jakinarazi ditu Iraurgi Lantzenek. Honakoak dira:

Bisitariak. 13.658 bisitari hartu dira turismoko informazio puntuan hiru hilabetetan.

Atzerritik. 5.868 izan dira Frantziatik (erdiak), Italiatik, Portugaldik, Erresuma Batutik edota Ameriketako Estatu Batuetatik etorri diren turistak eta informazio gunera joandakoak. Espainiako estatutik, berriz, 5.448 lagun etorri direla dio Iraurgi Lantzenek. Kataluniatik eta Madrildik 2.874 etorri dira.

Euskal Herrikoak. 2.342 bisitari izan dira.

Parrokietatik. Azpeitiko eta Azkoitiko parrokiak uztailaren 20tik abuztuaren 13a bitartean bisita gidatuak egiteko irekita izan dira bisitarientzat Azpeitikoa goizetan egon zen irekita 10:30etik 13:30era bitartean eta Azkoitiko arratsaldetan 15:30etik 18:30era. Azpeitiko parrokiatik 400 bisitari igaro dira eta Azkoitikotik 146.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide