Sei talde eta hemezortzi bertsolarik parte hartuko dute bigarren Bertso Parrandan. Baina aurkezle eta epaile lanetan ariko den lagun koadrila ere izango da lanean; gaur da kanporaketen lehen saioa, Azpeitian, Korrale tabernan, 23:00etan.
Aurrenenko aldiz 2002an antolatu zuen Erniarraitz Bertsozale Elkarteak Bertso Parranda "bertso eskola kalera ateratzeko" helburuarekin. Asteburuetan jendea juergan dabilenean "asko eta asko bertsolari" bihurtzen dela ikusita, elkarren artean bertsotan jarduteko parada eskaini nahian hasi ziren, agertokia tabernan jarrita eta hiru laguneko koadrilen artean saioak eginez. Oraingoan ere halaxe izango da, eta hiru laguneko taldeak ariko dira Azpeitiko, Zestoako eta Azkoitiko tabernetan. Kanporaketak eta finalerdiak gainditzen dituzten bi taldeak abenduaren 10ean egingo den finalera helduko dira. "Lehiaketa kutsua" hartzen badu ere, antolatzaileek "ez dute nahi horren serioa" izaterik.
Bertso Parrandak, taula gainean mikrofonoaren aurrean jardundako bertsolari gazte ezagunak eta itzalpean bertso eskolan ari diren bertsolariak nahas-mahasean entzuteko aukera eskaintzen du. Jakiteko dago aurten orain bi urtekoak adinako arrakasta izango duen, orduan tabernak leporaino bete baitziren.