Azaroaren 10eko aldizkari ofizialean argitaratu ziren komunikabideetan euskararen erabilera sendotu eta indartzeko eta euskal komunikabideen egitasmoak bideragarriago egiteko diru laguntzak (Zerrenda eta ebazpen osoa, aldizkari ofizialean bertan daukazue kontsultatzeko moduan ). Ebazpen horren arabera Uztarria herri aldizkariak 7.102,44 euroko diru laguntza jasoko du. Iaz baino 1.120,56 euro gutxiago. 2003an Eusko Jaurlaritzak 8.223,44 euroko laguntza eman zion aldizkariari.
Topaguneak, hainbat aldizkari argitaratzen dituzten euskara elkarteak biltzen dituen federazioak, larunbatean Eibarren emandako prentsaurrekoan "diru laguntzak nabarmen murriztu" egin direla azaldu zuen. "2002 eta 2004. urteetan banatutako diruaren alderaketa eginez, eta bi urteotan KPIak izan duen bilakaera kontuan hartuz, euskal komunikabideen egitasmoan diru laguntzak %6,75 murriztu dira eta tokiko aldizkarien kasuan jaitsiera %3,5ekoa izan da". Topagunea Euskara Elkarteen Federazioko kidea da Uztarria Kultur Koordinadora.
Urola-Kostako beste herri aldizkari batzuek 2004rako jasoko duten laguntza:
- Maxixatzen, Azkoitia. 11.971,75 euro . Astekaria.
- Danbolin, Zestoa. 3.772,98 euro. Hilabetekaria.
- Baleike, Zumaia. 4.398,27 euro. Hilabetekaria.
- Artzape, Getaria. 3.550,34 euro. Hilabetekaria.
- Txaparro, Zarautz. 11.000,00 euro. Hamabostekaria.
- Karkara, Orio-Aia. 6.898,38 euro. Hamabostekaria.
Errekurtsoa webaren kasuan
Bestalde, Uztarria Kultur Koordinadorak Eusko Jaurlaritzan errekurtsoa aukeztu zuen teknologi berriei laguntzeko ebazpena dela eta. Ebazpen horren arabera, uztarria.com webguneak 2004an ere ez du diru laguntzarik jasoko webguneko albiste honetan jakinarazi bezala. Errekurtsoa dela eta, elkarteak ez du oraindik erantzunik jaso.