Euskarazko Kazetaritzaren I. Kongresua hasi zuten asteartean, Bilbon, elkarlanaz, proiektuez eta abarrez hitz egiteko. Ostirala arte da batzarra, eta nazio mailako hedabideez hitz egiten ari dira, baina herri komunikabideez ere, Karmelo Landa EHUko irakasleak igandean Berria-n zioen bezala, herri egunkarien nortasun eta jarrera sistemikoa ere bat datorrelako euskal kulturaren sistema antolatzeko norabidearekin.
Argia astekariak mahaingurua antolatu zuen kongesuaren atarian, Larrun gehigarrirako, eta hor ere irten zuen tokian tokiko komunikabideen gaiak; batik bat, Hitza-ren proiektuak.
Badirudi, [informazio lokalean] geroz eta gehiago eskualdera jo dela, maiztasun desberdinekin..., dio Joxe Manuel Irigoienek. Azkenaldian, euskarazko herri prentsan, nobedadea Goienkaria-k eta Hitza-k markatzen dute. Biek antzera jokatu dute, enpresa-egitura handiago eta zabalagoak osatuz eta formato berriko produktuak sortuz. Baztangoa da Irigoien, eta han ere eskualde bezala ari dira bertako informazioaren alorrean: telebista dute, aldizkari bat
Mikel Irizar ere eskualde ereduaren aldekoa da, Deba Goienan hainbat proiektu eraman dituelako aurrera. Herri komunikabideen bilakaeran, 90etik 95era loraldia izan zen, garai horretan sortu ziren herri hedabide gehienak eta hori sekulako garaipena izan zen euskararentzat; alegia, lortu zen bestela akaso elebidun edo erdalduna izango zen esparru bat, ia euskara hutsekoa izatea. Lehian garaile absolutua izan zen. Hori oso arlo gutxitan gertatu da, euskarak urrezko domina gutxi ditu, eta hori da bat. Ondorengo garaian etorri zen barealdia, eta barealdi horretan ikusten zen sekulako altxorra egon zitekeela, baina ez zen ikusten nola garatu. Goienaren kasuan, egitasmo bat bagenuen, Debagoiena bailara antolatzeko, eta juridikoki sekulako ahalegina egin zen egiturari sendotasuna emateko. Prentsaren arloan, Goienkaria astekaria da horren emaitza bat. Gainera, saiatu ginen Goiena, erakundeei eta Topagunearen bidez sektoreari ere zabaltzen. Baina Topagunea ahul zegoen, eta ez zen aparteko dinamikarik sortu, eta bestalde, administrazioak berehala susmopean jarri zuen proiektua. Urtebete inguruko koarentenan jarri zuen. Diseinatuta geneukan Gipuzkoarako plan berezi bat, zortzi eskualdeko multimedia garatzeko, eta ari ginen Aldundiarekin lantzen, baina koarentena horretan galdu zen hori garatzeko aukera. Egun Goiena sendo dago, baina eredu horrek ez du aurrera egin. Bitartean garatu da Hitza-ren proiektua, Egunkaria-ren itxierak kasik indartu egin duena. Hitza enpresa indartsuagoa da garai bateko Egunkaria baino eta zabaldu egin da. Egia da momentu batean ematen zuela ea zein eredu nagusituko zen herri bakoitzean. Gaur egun, heldu da ordua esateko, etorkizuneko garapena Hitza sortzen ari den dinamikaren gainean eraiki behar dela, prentsako muga gainditu eta multimediara eginez.
"Elkarlanean" sortutakoak
Martxelo Otamendi, Berria-ko zuzendariak ondo ezagutzen du informazio lokalaren mundua ere, Galtzaundi Tolosaldeko aldizkariaren sortzaileetakoa bera izan zelako, baita Hitza bezalako lehen herri egunkariaren sortzaileetakoa ere: Tolosaldean Egunero-rena, Egunkaria-ko kide bezala. Gaur egun Berria-ren enpresa EKTk (Bertako Hedabideen bitartez) bost Hitzetan parte hartzen du. Pentsatu genuen egokia izan zitekeela beste herri aldizkari batzuekin elkarlanean aritzea. Erabaki genuen bazela garaia, oso erdararena eta oso enpresa jakin batzuena zen esparru bat euskarazkoa egiteko.
Xabier Letona Argia-ko zuzendaria elkarlanaz mintzatu zen: Martxelok aipatzen du komeni dela enpresa handiak izatea, eta gainera, handia denak horretarako joera dauka. Nik egoera horretan ikusten dudana da, txikiak irentsia izateko duen beldurra. Handiak bere zabalkundea nola egiten duen da kontua.
Bertako Hedabideak, Hitza-ren proiektuarekin hasi zenetik, 17 elkarterekin jarri da harremanetan, eta haietatik 15ekin ari da elkarlanean proiektua garatzen, edo garatzear dauka. Tokian-tokian behin Hitza sortzea erabakitzen dutenean, aldizkariek erabakitzen dute jarraitu edo ez, birmoldatu edo ez, maiztasuna aldatu edo ez..., esaten du Otamendik.
Eta, Berria-ko zuzendariak berak dioen bezala, Hitza lortzen ari dena ez da gauza txikia: Gauza bat behintzat, lortu dugu: egun bailara batzuetan egunero gehien zabaltzen den mantxeta ez da El Diario Vasco-rena. Bailara batzutan publizitate gehien biltzen duten mantxetak, gehien saltzen diren mantxetak, espero dut gehien irakurtzen diren mantxetak eta espero dut informazio onena ematen dutenak, euskarazkoak dira.
Irigoienen ustez, horretan Hitza-ren estrategia eta politika askoz ere inteligenteagoa da Correo-ren jarrera baino. Nik euskarazko Correo izatea ez dut zentzu negatiboan esaten, baina bai ausardiaz edo ikuspegiz, EKT izan da gaztelaniaz egiten dena euskaraz egitea planteatu duena. Planteamendua perfektua iruditzen zait enpresa ikuspegitik, eta marketing eta eszenifikazio aldetik. Iruditzen zait ongi asmatu duzuela.
Irakurle berriak sortzen
Hitza euskarazko irakurle berriak ari da sortzen, eta horri etekina atera diezaiokete euskarazko beste hedabideek. Otamendik dio Berria-k baduela asmorik: Gure helburua da eguneroko prentsa idatzian erdal prentsak duen monopolioa haustea. Helburua da bizkortzea herri prentsaren kontzeptua egunerokora ekarrita, eta sendotzea ez dut esan nahi orain arteko herri prentsa sendoa ez zenik. Baina ez dugu ezkutatzen gure asmoetan badagoela denborarekin irakurle harrobi bat lantzea ere. Tolosaldean 7.000 Hitza banatzen ditugu egunero, eta horietatik %5 ekartzea Berria-ra edo Argia-ra, edo kioskoko euskarazko eskaintza normalizatura, sekulako pausoa litzateke. Ez da hori helburua, hori izango da ondorioa, baina zilegi da.
Hitza-ren bidez, euskarazko prentsako enpresaren bat gehiago indartuko balitz, ona litzateke Joxean Agirre Gara-ko kazetariaren ustez: Euskarazko prentsaren barruan norbait handituz joatea ez da arriskugarria, mesedegarria baizik. Gure benetako arriskua Prisa eta Vocento bezalako taldeen handitasuna da.
Oraindik ere proiektu berria da Hitza, baina Irigoienen ustez, iduri du etorkizuneko prentsa lokala ez dela gehiago aldizkari txiki independentez beteko. Berriak sortzekotan, egitura konplexuagoen inguruan sortuko dira, eta aldi berean, orain daudenak berregituratze prozesu batera behartuak daude, nolabait. Ibilbide oparoa egin da azken urteotan, aldizkari eta merkatu berriak sortuz. Espantsio prozesua azken finean. Aurrera begira, ordea, kontzentrazio prozesua antzematen da.
Mahaikideak
Joxean Agirre. Gara-ko kazetaria eta Bertsolari aldizkariko koordinatzailea.
Mikel Irizar. Goienkaria astekariko eta Goiena TBko sortzaileetakoa.
Joxe Manuel Irigoien. Ttipi-ttapa-ko koordinatzailea (Baztan).
Xabier Letona. Argia astekariko zuzendaria.
Martxelo Otamendi. Berria egunkariko zuzendaria.
Bost 'Hitza'-k
Tolosaldekoa eta Leitzaldekoa. 7.500 harpidedun.
Oarsoaldekoa. 6.000 harpidedun.
Lea-Artibai eta Mutrikukoa. 5.300 harpidedun.
Urola-Kostakoa. 7.000 harpidedun.
Goierrikoa. 8.500 harpidedun.
Denetan bazkideak. Tokian tokiko herri aldizkarien euskara elkarteak, eskualdeko gizarte eragileak eta Bertako Hedabideak (EKTkoa).