Gorka Karapeto eskalatzaileak pauso berri bat eman du eskaladan: urriaren 30ean Baltzolan Tas-tas bidea egin zuen. Eskaladako bide horrek 8C+/9A maila du eta bost pertsonak bakarrik egin dute. Horietatik hiru euskaldunak dira: Patxi Usabiaga, Rikardo Otegi eta Gorka Karapeto bera. Baina, maila hori gainditu duten beste bi euskaldun ere badira: Iker Pou eta Josune Bereziartu.
"Tas-tas bidea egin aurretik, 8C+ maila neukan eginda, Araotzeko Honki Mix. Orain dela bi urte egin nuen eta bitartean beste zortzi bide egin ditut 8Ckoak", dio Gorka Karapetok.
Iaz bururatu zitzaion Karapetori Baltzolako Tas-tas bidea egitea, baina berandu ibili zen: "Negua gainera etorri zitzaidan eta ez da garai horretan egitekoa; sapaian da ibilbide gehiena eta horma busti egiten da eta lehorra dagoela egin behar da. Orduan, aurten saiatzea pentsatu nuen".
Karapeto fisikoki «ondo» zegoela eta irailean hasi zen Baltzolan saiakerak egiten eta urriaren 30ean lortu zuen bidea osorik egitea. «Saiakeren kontua ere galdu dut, ez dakit zenbat aldiz saiatu naizen bide hori egiten. Aurretik mugimendu guztiak kontrolatu behar dira, zein gunetan azkar ibili, zeinetan makal... Behin egiteko modua ikusten denean, faktore psikologikoa jartzen da martxan eta saiakera bakar batean dena ondo-ondo atera behar da. Azken bi saiakeretan, azken mugimenduan erori egin nintzen, baina hirugarrenean atera egin nuen», dio. Helburu bat «bete» duela dio eta orain 8B+ maila lortzeko asmoa du. «Neguak ez du laguntzen kanpoan eskalatzeko, eguraldiagatik eta eguna moztu egiten delako; beraz, entrenatzeko hartzen dugu batik bat. Hala ere, gabonetan eskalatzera kanpora ateratzeko planak egiten ari gara. Gogoz nago eskalatzeko eta gogo horri alde egiten uzteko asmorik ez dut». Azpeitiko eskalatzaileek duten lokalean aritzen da entrenatzen eta bestela Araotz edo Baltzola aldera joaten da.
Eskaladako txapelketa desberdinetan ere lehiatu da aurten kirolari azpeitiarra, baina ez da oso gustura gelditu lortu dituen emaitzekin: «Ez naiz oso fin ibili aurten txapelketetan» dio.