'Hitza'-ren zehaztapen bat Zarauzko Udalari eta besteei

Urola-Kostako Hedabideak S.L. 2004ko aza. 12a, 15:11

“Udalaren esku dago euskarazko komunikabideak laguntzea eta bultzatzea, eta horretarako ona litzateke laguntzak ematerakoan orain arteko irizpideak berrikusi eta berriak ezartzea, 2004ko otsailetik aurrera euskarazko egunkari bat, Urola-Kostako Hitza, baitugu gure artean. 2005eko aurrekontua egiterakoan kontuan hartu beharko da, 2004koan ez baitzen horretarako diru laguntzarik zehaztu”, dio gaurko (ostiraleko) Hitza-n bertan Zarauzko Udalak Euskara Biziberritzeko Plan Nagusian hedabideen arloan egindako diagnostikoak (EBPNk “lehentasun altukotzat” jotzen ditu euskarazko herri komunikabideak).

Pozten gara Zarauzko Udalak garrantzia ematea Hitza-ri eta 2005eko udal aurrekontuetan sartu nahi izatea. Baina Udalak berak esaten du: egunkari hau 2004ko otsailean sortu zen. Gainera, Zarauzko Udalak —eskualdeko beste udal denek bezala— iaztik dute proiektu honen berri, xehetasun guztiekin. Beraz, gure ustez, bai Zarauzko Udalak bai beste udal denek baloratu egin behar dute Hitza-k 2004an egin duena. Otsailaren 20tik astean sei aldiz 8 orrialdeko egunkaria atera dugulako, etxera banatu dugulako, irakurleen ustez egunkari "ona” delako, “plurala”…

Hitza berriz ere udalekin harremanetan jartzen ari da, eta espero dugu aurten ere diru laguntzarik jasotzea.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide