Zeure elkartea, enpresa... Urola-Kostako Hitza-ko partaide izatea nahi al duzu? Badaukazu aukera, jakina, eta Uztarriak horretaz guztiaz informatzeko bilera deitu du etzirako (asteazkena), Uztarriaren egoitzan bertan (Julian Elorza Hiribidea 4, behea), 20:30ean.
Bertan, Hitza-ren enpresan nola sartu azalduko du (Hitza-ren enpresako bazkideetakoa da Uztarria bera). Atxikiak dituzue idatziak (eragileentzako gutuna eta bazkide egiteko datu orria), baina labur esanda: eragile bakoitzak gutxienez, eta behin, 150 euroko partaidetza erosi beharko du. Modu horretara, eragileek beraiek osatzen duten kultur elkartean sartuko da; kultur elkarte horretako ordezkariek hartzen dute parte Hitza-ren enpresako administrazio kontseiluan.
Otsailaren 20an sortu zen Urola-Kostako Hitza, eta hasieratik bertatik hiru zutabe ditu haren enpresa Urola-Kostako Hedabideak S.L.k: eskualdeko herri aldizkarien euskara elkarteak, eskualdeko gizarte eragileak eta Bertako Hedabideak (Euskarazko Komunikazio Taldekoa).
Hain zuzen, gizarte eragileen zutabean, hasieratik Azpeitiko lau eragile daude: Lagun Onak Mendi Bazkuna, Ikasberri Azpeitiko Ikastola, eta Zutarri (Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarai) eta Zutoin (Urola Ikastola Azkoitia-Azpeitia BHI) guraso elkarteak, Uztarriak orduan haiengana baino ez zuelako jo.
Hitza-k orain dela pare bat aste beste fase bati ekin zion, gizarte eragile gehiago sartzeko enpresan. Azpeitian Uztarria, bigarren fase honetan, batez ere kultur taldeei ari da gonbitea egiten, baina edozeinek du aukera etziko bilerara azaltzeko eta enpresan sartzeko.
"Zabaldu"
"Nahiena Azpeitiko eragile ugari sartuko balira, eta era guztietakoak", iritzi dio Uztarria Kultur Koordinadorak. "Hitza-ren proiektu hau herri proiektua da, hasieratik daude bertan herrietako euskara elkarteak eta eragileak, eta orain gehiago zabaldu behar dugu dena. Beraz, gure gonbitea Azpeitiko eragileek bertan parte har dezaten".