Ibilgailuen zarata neurketak egiten hasiko da bihar Udala

Urola-Kostako Hitza 2004ko aza. 12a, 17:11

  • Azaroan Zarataren Kontrolareko Programaren baitan neurketa kanpana prebentiboa egiteko asmoa baitu Udalak
  • Udaleko arduradunen esanetan ibilgailuek sortzen duten zarata "azpeitiarrei gehien kezkatzen dien" arazoetako bat da

Udalak Zarataren Kontrolerako Programa diseinatu zuen eta orain neurketa-kanpaina prebentiboari ekingo dio. Hain zuzen, bihar eta datorren larunbatean ibilgailuen zarataren neurketak egingo ditu.

Neurketak egiteko modu desberdinak ibiliko dira: hitzordua aurrez jaso duten titularrek jakineko ordu eta lekuan ibilgailua aurkeztu beharko dute —bihar eta azaroaren 20an egingo dira—. Beste zenbait egunetan, berriz, kale eta gune desberdinetatik pasatako ibilgailuak geldiarazi, eta sortzen duten zarata kontrolatuko zaie.

Udaleko arduradunen esanetan ibilgailuek sortzen duten zarata "azpeitiarrei gehien kezkatzen dien" arazoetako bat da: "Batez ere motorrena eta horren isla da, udaletxean jasotako kexa kopurua azken urteotan gehituz joan dela".

Arazoaren "larritasuna" kontuan hartuta Udalak 2004 urterako plangintzan, lehentasunezko helburu hartu zuen gaiari irtenbidea bilatzea. Ondorioz, Zarataren Kontrolerako Programa diseinatu eta ibilgailuek sortzen duten zarata kontrolatzeko araudia egin du.

Araudia osatzen Udaltzaingoa eta udal teknikariek jardun dute eta azaroaren 4ean egin zen udalbatzarrean haserako onarpena eman zitzaion. "Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren, ekarpenak egiteko aukera izango da, eta ondoren behin betiko onarpena emango zaio eta indarrean jarriko da", azaldu dute Udaleko arduradunek.

Araudiaren kontrolaren ardura udaltzainek izango dutelako, formazio ikastaroak egin behar izan dituzte: "Udaltzainen formazioa beharrezkoa ikusten zen, zarataren neurketa-metodo desberdinen ezagutza izateko eta neurketetan trebetasuna lortzeko".

Azaroan prebentzio kanpaina egingo du Udalak bi helburu nagusirekin: kaleetan barrena dabiltzan motorren zarata nolakoa den jakiteko eta ordenantza indarrean jarri baino lehen, ibilgailuen jabeei gabeziak konpontzeko aukera emateko. "Horrela, araudia martxan jarri aurretik ibilgailuen egoera ezagutu eta irregulartasunak zuzentzeko aukera izango dute".

Zarataren kontrolerako programa

Udalak, ibilgailuen zarata kontrolatzeko landu nahi dituen alorra honakoak dira:

Araudia. Ibilgailuek sorturiko zarata kontrolatzeko araudia lantzea. Dagoeneko eginda dago baina indarrean jartzea falta da.

Formakuntza. Udaltzaingoa zarata neurketak egiteko formatzea. Irailean egin zituzten udaltzainek ikastaroak.

Tresneria. Neurketak egiteko beharrezko tresneria erostea. Udalak irailean erosi zuen tresneria.

Neurketa kanpaina prebentipoa. Udalean ibilgailuen zarataren inguruan onartutako araudia martxan jarri baino lehen neurketa kanpian prebentiboa egitea. Azaroan egingo dute, hain zuzen neurketak bihar eta azaroaren 20an egingo dituzte.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide