Mikel Sagardogik gutxi entzuna den zaletasuna du: usoak haztea. Filmetan, garai bateko gizartea irudikatzen dutenean bakarrik ikusi ohi da uso mezularien lana, baina, azpeitiar honek, oraindik, postari txiki horien lanari eusten dio, probetarako bakarrik bada ere. Urola-Kostako-Hitza-n eman zuen bere zaletasunaren berri.
"Txikitatik" datorkion zaletasuna duela eta "Igeldon dagoen kolonbofiliako elkarteko partaide" dela zioen egin zioten elkarrizketan. Kolonbifiloa-k, usoak hazten dituena esan nahi du.
Usoak lehiaketarako prestatzen ditu eta honakoa zioen usoei buruz: "batzuk proba motzetan hobeto ibiltzen dira; beste batzuk, aldiz, luzeagoetarako joera izaten dute. Proba motzetakoak edo abiadurakoak 500 kilometro artekoak dira, iraupenekoak 500 eta 800 kilometro artekoak, eta 800 kilometro baino gehiago egiten dituztenei iraupen handikoak deitzen zaie".
Uso batzuk, ordea, galdu egiten dira: "Urte batzuetan, entrenatutako usoen bi herenak galdu egiten dira, eta beste batzuetan, erdia. Eguraldi txarragatik galtzen dira gehienbat, baina, baita parean zituzten kableen aurka kolpatu ondoren ere", zioen Sagardogik. Baina, badira galdutzat eman eta agertu direnak ere. Hala dio elkarrizketan.