Azaroaren 14an Batasunak bakea lortzeko Orain herria, orain bakea proposamena aurkeztu zuen Donostian Belodromoan. Astebetxo pasatu ondoren Azpeitiko Batasuneko kide Xanet Esnaolarekin bildu da Uztarria, proposamenaz hitz egiteko. Hona elkarrizketa:
Batasunak proposamena Euskal Herriko hainbat herritan aurkezteko asmoa du. Azpeitian bai?
Ekarpen honetan protagonista herriak izan behar du; oinarria herria du. Akordioa ere herriko eragileen artean planteatzen da, herriaren hitza errespetatu nahi delako. Horregatik, hainbat herritarrekin harremanetan jarriko gara, bai koadrila, bai ikastetxe, bai tailerrak... Hartu emana garatzeko 200-250 bat lagunekin bilduko gara.
Bestalde, hitzaldia emango dugu abenduaren 2an, Enparan Dorretxean. Bertan, Joan Joxe Petrikorena Batasunako ordezkaria izango da.
Zer iritzi duzue proposamenari buruz?
Proposamena garrantzitsua da baina nondik datorren ikusi behar da. Egoera ezberdin batean gaude. Estatutua ezarri zenean garbi esan genuen Euskal Herrian zatiketa eta menpekotasuna sortuko zuela eta hori ez zela aukeratu beharreko bidea. Bakarrik borrokatu dugu urteetan erabaki horren aurka, baina, proposamena borroka horren ondorioa da.
Gaur egun, gatazka politikoa dagoela onartu eta gainditzeko nahia azaldu du gizarteak. Hainbat eragilek aldarrikatzen dute eta horrek ematen dio aukera eta balioa ekarpenari.
Aurrerapausoa eman dela uste al duzu?
Dudarik gabe. Benetakoa izateko, ordea, bai alderdiek eta bai eragileek ardura politikoz jokatu behar dute, eta denok hartu behar dugu aurrera egiteko konpromisoa. Alderdien interesak edo interes pertsonalak sartzen badira, aurrera-bidea mugatu egingo da. Guk dei egiten dugu ekarpenaren garapenerako ardura politikoz jokatzeko eta konpromisoa erakusteko. Garbi daukagu Madrildik eta Paristik ez digutela lagunduko.
Alderdi batzuek aurrerapausoa eman dela diote, baina ez nahikoa.
Guk prozedura erabat irekia jarri dugu eta horri buruz eztabaida zabaldu nahi da. Hori botatzen dugu faltan. Aurrera egitea ez dago ETAk egingo duenaren arabera, baizik eta denok gure aldetik jartzeko prest gaudenaren arabera dago. Gure ustez besteei exijitu aurretik bakoitzak bere buruari galdetu behar dio ea zer konpromiso hartzeko prest dagoen.
Beste batzuentzako, berriz, ilegalak zarete eta zuen hitzek ez dute baliorik.
Garbi dugu ilegalizazioarekin zer lortu nahi duten. Beste alderdi guztien kolaborazio zuzenarekin, Ezker Abertzalea mapatik borratu nahi dute. Ilegalak izan arren, presentzia mantendu ezezik, areagotu egin dugu eta Ezker Abertzalearen egoera politikoa berrindartu egin da. Hor dira, esate baterako, Anaitasunako deialdia elkarrizketak garatzeko, Bergarako proposamenak... Beraz, ez dute helburua lortu. Azken batean, alderdi asko oraindik gatazka egoeran eroso daude, bestela, ez du ez hankarik eta ez bururik ilegalak garela esaten dutelako 15.000 pertsonatik gora bildu dituen alderdia kontuan ez izateak.
Konponbide prozesua 2 akordiotan oinarritu du Batasunak.
Batetik, eragileen arteko akordioan.
Badakigu Euskal Herrian sentsibilitate ezberdin asko dagoela eta positiboa izan daiteke bere mailan. Herriak erabaki behar badu Euskal Herriaren etorkizuna, ordezkatzen dituzten eragile, talde... artean erabaki osatu bat behar da, denon parte hartzearekin. Guk guztiei zabaldu diegu atea.
Eragileen arteko mahaia osatu behar da, beraz. Euskal Herrian, Euskal Autonomia Erkidegoan, non?
Euskal Herrian, zazpi probintzietan. Euskal Herria beti zapaldua eta zatitua izan den herri bat da. Probintzia bakoitzean errealitate ezberdinak direla badakigu, baina, gatazka Euskal Herri osoan dago. Denok eseri eta soluzioa bilatu behar dugu.
Bestetik, ETA eta Frantziako eta Espainiako estatuen artean. Eta hiru puntu bereiztu zituzten.
Desmilitarizazioa
ETAk alternatiba demokratikoa aurkeztu zuenean garbi esan zuen herriari hitza eman behar zitzaiola, eta egin ezkero borroka armatua utziko zuela. Horren baitan kokatzen dugu gure proposamena. Horregatik, logikoa da eurek hitz egitea, batik bat, gatazkak sortu dituen arazoez: hildakoak, atxiloketak... Herriak kudeatu behar du hitza ematea. Horregatik diogu ez dela ekarpen berria, ekarpen berritua dela baizik.
Preso eta iheslariak
Konponbidea bilatzeko gatazkaren ondorio diren presoak eta iheslariak kalean behar dute. Amnistia da konponbidearen abizena. Akordioa eragile guztien artean egin behar bada, hauen parte-hartzea ere ezinbestekoa da. Lehenbailehen Euskal Herrira ekartzea beharrezkoa da.
Biktimak
Jakinaren gainean gaude gatazka politikoak sufrimentu asko eragin duela, eta oraindik ere eragiten duela. Horiei laguntzeko bitarteko guztiak jarri behar dira. Biktima hitzarekin alde guztietakoak esan nahi ditugu.
Bi akordioak lortzeko elkarrizketa prozesuak aldi berean egitekoak al dira?
ETA eta bi estatuen arteko akordioa ez dago gure esku. Guk ekarpenaren garapenean eta mahaiaren osaketan indar guztia jarriko dugu. Bi prozesuak dira garrantzitsuak eta eskatuko dugu eta ahaleginduko gara ETA eta estatuen artean akordioak lortu ditzaten. Baina, prozesu bat aurrera ez doalako ez dugu bestea zertan baztertu behar.
Azkenik, konponbidea ekarriko duen elkarrizketa prozesuan eskubide guztiak errespetatuak izan behar dutela esan zuen Batasunak.
Herriari egin beharreko galdeketan garbi daukagu bake egoera ezinbestekoa dela eta eskubide guztiak errespetatu behar direla. Egoera hau beharrezkoa da, bestela ez da demokratikoa izango.