Badira urte batzuk amonaren baserrikoa ez zen sagardoa lehen aldiz edateko aukera izan nuena jatetxe batean, eta dastatu orduko sinetsi ezinik gelditu nintzen hura sagardoa zenik eta sagardoa deitzen ziotenik. Mutil koxkorren artean iritzi horretako bakarra nintzenez, eta baita baserriko sagardoa edaten nuen bakarra ere ziur aski, isildu beharrean izan nintzen. Urteak aurrera, amonaren baserriko sagardoak zaintzeko dentsimetro bat iritsi zen gure etxera, sagardoaren edo muztioaren gozotasuna neurtu ahal izateko. Eta baita oso ezaguna den sagardotegi bateko muztioa ere, etxeko kupelean hartzitu eta txotxetik edateko ekarri zuen anaiaren koadrilak. Berriz ere nire harridura muztio haren gozotasuna neurtu genuenean, amonaren baserriko muztioarekin alderatuz gozotasunaren erdirik ez zuen. Gauzak ulertzen hasi nintzen orduan.
Aurreko aste batean Eroski supermerkatuan eskaintzen diren sagardo bakoitzetik botila bana eskuratu nuen, sagardotegi oso ezagunenak guztiak. Afalorduan, amonaren baserriko sagardoaren ordez Eroskikoak mahairatzen joan naiz banan bana astean zehar. Eguneko botila bakoitzaren erdia gutxienik soberan gelditu zaigu, eta guztiak probatzeko aukerarik ez dut izan etxekoak aspertu aurretik. Amonaren baserriko sagardoa azokan saltzeari aspaldi utzi behar izan zion ordea osabak, Eroskiko sagardoaren prezioan saltzeak ez omen zuelako merezi. Sagasti gehienak bertan bera joan ziren ondorioz amonaren baserrian, inguruko beste baserrietan bezala, sagardotegi handiek merke ekartzen baitzuten sagarra kanpotik.Euskal Herriko sagarra, sagastiak eta sagardoa badoaz pikutara. Eta datorren txotx denboraldian inork ez dezala pentsa sagardotegira joan eta euskal herriko sagardoa edango duenik, naiz eta bertsolariak bertsoak abestuko dituzten bertan, jendeak euskaraz hitz egingo duen eta denboraldi hasieran aurreskua dantzatuko den. Euskal herrian egindako sagardoa izango da noski, koka kola egiten den bezalatsu.Orain ulertzen dut baserritarrek zergatik botatzen dituzten lurrera esne ontziak supermerkatuen aurrean eta arrantzaleek arrain kaxak itsasoratzen.Eta konturatzen naiz arrotzak nola nagusitzen zaizkigun etxean, bai sagarrak, bai arrainak, bai okelak, bai esneak eta baita hizkuntzak ere.