Nafarroako eguna da abenduaren 3a, eta aspaldidanik ari gara ikastolak ere gure egun bezala ospatzen. Hala ere, ikastola bakoitzean egun honek izan duen bilakaera oso desberdina izan da. Baina, esanak esan gaurko egunera arte bizirik dirau.
Kasualitatea ez denez existitzen, poza ematen du Nafarroako eguna eta ikastolen eguna eskutik ibili direla ikusteak urteotako ibilbide isilean eta euskararen eguna ere bateratu dela egun berean.
Gainera, herri hau, beste behin ere, bere etorkizuna jorratzeko urrats berriak egiten hasi den une interesgarri honetan, horra hor non elkartu zaizkigun martxaren hastapenetan Nafarroaren eguna, euskararena eta ikastolarena. Bat etortze honekin barruak eskatzen digu aldarrikapen argia egitea: denok gara nafarrak! Hori argi eta garbi esateko ordua da orain.
Ikastolak, Nafarroa Osoa/ Euskal Herriaren identitatea gordetzea du xede nagusia, ikasle euskaldunak egitea. Eta nazio identitatearen kultura ezaugarriak (hizkuntza, historia, literatura eta kultura politikoak (boterea, erakundeak, eskola, alderdi politikoak) batera eman beharra dago. Nazio-nortasunaren sistema ezin da osatu, inondik inora ere, horietako bide bakarra hautatzen bada.
Gure Eskola Nazionaleko ikaslearen sozializazioan bitarteko izan behar dute euskal nortasunaren oinarrizko elementu horiek guztiek. Eskolak, erakundeak, hedabideak eta abar eskuratu gabe ez goaz inora, jakina da. Eskola, horrenbestez, boteregune bat da. Gizarte egiturako harremanetan tirabiraka dabiltzan nazio ezaugarrien arteko kontraesangunea. Horregatik, hain zuzen, bi-biak behar ditugu inora helduko bagara: bai kultura ezaugarrien bitartekotza, eta bai botereguneen kontrola eta eskumena.
Hor ba non biltzen zaizkigun egun berean hiru ospakizunak bateratasun horren sinbolo legez. Gure norabide argia markatzen digute. Gure iparrizar bihurtzen dira. Eta egia esan, bada ordua gure norabide ondoan pasatzen diren argien arabera markatu beharrean izarretan tinko markatzeko.
Nafarroaren eguna CFNren eguna baino askoz ere gehiago da. Egun daukagun lurralde egituraketa ez da nafar herritarrok erabakitakoa. Indarrez inposatutakoa da. Horregatik Nafarroako eguna den ikastolen egun honetan, herritarrok aukeratzen dugun lurraldearen kontzientzia ospatu nahi dugu: Nafarroa Osoarena.
Itsasaldeko nafarrok hori aldarrikatzen dugu: denok gara nafarrak! Geure lurraldearen kontzientzia dugu eta gure nortasun ezaugarriak gordetzen dituen sare propioak, ikastolak hori guztia gogoratuz ospatu nahi dugu gure eguna euskara bizirik mantenduz erabilerarekin. Ikastolon xede nagusia euskaldunak egitea izanik, Nafarroaren egunarekin bateratzeak aukera paregabea ematen du euskaltasunaren nondik norakoak argitzeko. Euskaltasuna ezin da izan, noizbaiteko esentzia espiritualaren eguneratze-jarduna, baizik eta prozesu historiko baten egokitzapen eta eguneratzea. Ezin dugu lehenaldian gelditu, ez eta geure historiaren haria eten ere. Beraz, denboraren haizeak eta arerio- en gogoak eraman ezinik utzi duen euskaltasunaren sustraia den izaera horri, gaurko gizarte-moldean nagusi diren joera eta ezaugarriak bereganatzea du, ikastolak, zeregin nagusia.
Horixe da ikastolen lan gogorrenetakoa, euskal enborrari dagozkion ezaugarri-adar horien egokitzapenak egitea egungo gizarte desnazionalizatu honetan. Ikastolok, besteak beste, euskal identitatearen maila soziala betetzen dugulako. Euskal Eskola Nazionalik gabe, euskal hedabiderik gabe, euskal erakunderik gabe, eta, hitz batean, euskal botererik gabe, herri bezala dagokigun nortasun kolektiboaren garapenik ez genukeelako eskuratuko.
Menperatzailearen eta menpekoa denaren artean egoten den egoera, nahastua izaten den arren, publikoa eta pribatuaren eremuak oso zehatzak izaten ditu. Menperatzailaren eremua eta menpekoaren eremua ez nahastea, horren kontzientzia argia izatea norbere buruaren jabe izateko lehen pausoa da.
Horregatik, hainbat urtetan ikastolak izan baziren ere, orain bi estatu nagusien eremu publikoak diren administrazioen titularitatepean dauden zentroei ezin diegu ikastola izena eman, eta hala egiten dutenek, euskal jendea engainatzeaz gain, herri honek behar duen kontzientzia hartzea eragozten dute. Beraz, aber- tzalatasunaren konpromisoak, besteak beste, bakoitzari bere izena ematea eskatzen digu.
Herri honek berea duen sarea, ikastola, Nafar Estatua/ Euskal Herriaren Eskola Nazionalaren motorra izateko sortua izan da, eta denok nafarrak garelako.