Beti da egun berriaren bezpera

Ramon Etxezarreta 2004ko abe. 2a, 17:12

  • Ramon Etxezarreta PSE-EEko kideak eta Donostiako alkateordeak Argia aldizkarian Ezker Abertzaleaz eta ETAz idatzi duen iritzia jaso da
  • Ramon Etxezarreta: "Batzuek kezkatu egiten gaitu ahultze politiko hori ETAk ezker abertzaleari kutsa diezaiokeela pentsatzeak"

Nire oroimena ez da iristen zenbat urte diren, loa nuela bizimodu on eta duin ia bakarra erabaki nuela, zehaztera. Eta hala ere, inoiz ez dut lortu inkontzientziara eta nire grinak estaltzera iristerik. Eguna egunari lotu zaio joan den hamar urtetan, desosegua desoseguari, heriotza heriotzari bezain maiz, inoiz inork herri honi egin dakiokeen mesede politikorik handiena eta bakarra bere herritarren eskubide oinarrizkoak egun berrira arte abolitzea erabaki zuen unetik. Itxaropen guztiak inoiz irekiko ez genuen zorroan estalirik geneuzkan, etsiaren poltsan, biharamuna ez, baizik oraindik ere luzaroan ezagutuko ez genuen egun berria urruti zegoen komentzimenduan.

Ez gertakizunek ez jarrerek, ez kontrakoek ez aldekoek, ez dute ezarri irribarre mingotsa, mikatza, eztitu eta gozatzeko bitartekorik. Hala ere, egun berria ezagutzeko ahaleginik ez dugu aurreztu eta ez dugu galdu, denbora tarte hori neurtu gabe, argituko duen esperantza eta komentzimendurik. Eta ez dakit zerk ematen didan badatorrela.

Biolentzia gaitzesle eta errefusatzaileok, beste guztiek bezala -baina guk gehiago, esatea zilegi bekit- badugu gobernu berri bat, edo beste gobernu bat, indarkeria ez onartzea herritar nazionalisten pertsekuzioaren bidetik ez, beste batzuetatik baizik eramaten lagun diezagukeena, bide berri batzuek proba ditzakeena, jardunbide demokratikoetan tinko izanik besteren planteamenduak ulertzen saia daitekeena. Katalunia adibide izaten ari da.

Biolentzia tresna politiko bezala onartzen ez dugunok sumatzen dugu ETAren ahultze nahitaezkoa, zeinak ez duen esan nahi berriro, oso denbora laburrean, indartu ez daitekeenik, edo biolentziak beste aurpegiera batzuek izan ez ditzakeenik. Sumatzen dugu, nahiz eta solemnitate osoz militartasunaren balioaren adierazpen publikoak egin, jasan duela dioten ahultze militarra baino garrantzizkoagoa dela guztion begi bistan jasan duen ahultze politikoa. Eta batzuek kezkatu egiten gaitu ahultze politiko hori ETAk ezker abertzaleari kutsa diezaiokeela pentsatzeak. Erakunde militar bat suntsitzeak ez baitu ekarri behar aukera politiko eta jite politiko baten edo gehiagoren birrintzea.

Guztiok helmugara, inor bide bazterrean utzi gabe, iristeko beharra sentitzen dut eta beldur izan dut azken urteotako ibilbidean ETAk bere galbidean ezker abertzalea eta beste abertzaletasunen zati handi bat berarekin garraiatuko ote zuen. Ez nuen ulertzen nola ezker abertzalea bere morroi manupeko eta ezin mantsoagoa zuen. Eta esatekotan ere banengoen ETAk kieto egitearen unea baino lehenago "honuntzaino iritsi gara eta ez gehiago" esaten zuen jenderik agertzen ez bazen, akabo zela edozein normalkuntza prozesu.

Oraindik hitzak ez dira hitza baino gehiago, ez direla, alegia, ekintza esan nahi da, baina molde ezezagun bat, orain artean ohituak ez gintuzten egonarria iragarri eta agertu ere egin dela esango nuke. Ezker abertzaleak bere baitan prozesu politikoan nagusi, gutxienez bere buruarena, izatea erabaki duen susmoak daude, oraindik nahi eta susmo besterik ez direla esan behar bada ere. Baina dinamika horrek ez du, jendeak, herritarrak, gain politikoa hartzea beste burubiderik. Eta horrek egun berria izan behar duen biharamuna bertaraxeago sentitzen lagundu digu.

Ezker abertzalea edozein prozesutara osorik iristeko ahalegin serioa egin behar dute ezker abertzalekoek beraiek lehenik, ETAk edozein kasutan eta ezker abertzaleko ez garenok eta abertzale ere ez garenok. Ez dakit trukerik beharrezko izango den baina elkarri egin behar genizkioke adostasun oinarrizko baten nahiaren desioak. Ez naiz ni aurrenekoa, espetxe politika berria eta Batasunaren legez kanpo uztea aztertu beharreko gaiak direla aldarrikatzen duena.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide