Aurtengo azken lau itzuliak egingo ditu lurrun trenak. Denboraldia urriaren 31n amaitu bazen ere, Ama Birjina Sortzez Garbiaren zubia aprobetxatuz, "zerbitzu bereziak" eskainiko dira. Azken aukera izango da, beraz, aurten ibili nahi dutenentzat Eusko Jaurlaritzak Uztarriari jakinarazi dionez.
Honako programazioa izango du:
- Larunbatean, abenduak 4ean, 12:30ean eta 17:00etan irtengo dira.
- Igandean, abenduaren 5ean, 12:30ean bakarrik.
- Asteartean, abenduaren 7an, 12:30ean eta 17:00etan. 50. hamarkadako diesel lokomotora buru dela egingo da itzulia.
- Asteazkenean, abenduaren 8an, 12:00etan diesel lokomotoarekin hau ere, eta 13:00etan lurrun trenarekin. Azken eguna izanik, Espinal eta Portugal lurrun lokomotorak ere martxan jarriko dituzte, lurrun garabiarekin batera.
Beraz, balio historiko handia duten trenak erabiliko dira. Espinal 1887an egin zuten, eta Europan ibiltzeko moduan dagoen bide metrikoko makinarik zaharrena da Eusko Jaurlaritzak dioenez. Portugal-en berezitasuna, aldiz, duen indarra da. Bide estuko lokomotorarik indartsuena omen da eta. Hauez gain, bada 100 urtetik gora duen Aurrera deituriko lokomotora, eta baita Euzkadi izenekoa ere, 1921ean egina eta iparraldeko bide metrikoaren modelo esanguratsuenen artean dagoena.
Datorren urtean martxoaren 24ean hasiko da denboraldi berria.