Andoni Aranagak salaketa jarri dio Chocolates Jaques bere taldeari

uztarria 2004ko abe. 3a, 18:12

  • Taldea Vlanderen izeneko beste talde batekin batu da eta Aranaga kanpoan utzi dute
  • Andoni Aranaga: "Ez nuen horrela amaitu nahi. Zuzendariari deika jardun nuen, baina ez zidaten kasurik egin, beti kanpoan zegoela, edo bileran zegoela... "

Andoni Aranaga txirrindulariak bere taldea den Chocolates Jaques taldeari salaketa jarri dio UCI erakundean (Nazioarteko Txirrindularitza Elkargoa), hitzarmena ez errespetatzeagatik. Arazoa Chocolates Jaques eta belgikako Vlanderen taldeen bateratzearen ondoren sortu zen. Hona berak esana:

Noiz arte duzu kontratua Chocolates Jaquesekin?

Datorren urteko, hau da, 2005eko abenduaren 31 arte.

Zergatik salaketa?

Chocolates Jaques taldea Vlanderen taldearekin batu da. Aspaldi eman ziguten horren berri, eskutitz bat bidali baitziguten, baina ez nintzen arduratu. Gerora esan digute taldea osatzeko txirrindulariak Vlanderen taldeak bakarrik eman ahal dituela, eta gainontzeko beharrezkoak fitxatuz osatuko dituztela; Beraz, gure taldetik inork ezingo duela taldean sartu.

Hori dela eta, oraindik kontratua dugun 5 neoprofesional kanpoan geratu gara. Beste talderen bat bilatuko zigutela esan ziguten, baina, ez dute ezer egin. Nik ez nuen horrela amaitu nahi. Zuzendariari deika ere jardun nuen, baina ez zidaten kasurik egin, beti kanpoan zegoela, edo bileran zegoela...

Bostok egin duzue salaketa ala zeuk bakarrik?

Ez dakit besteek zer egin duten. Nik neure aldetik sartu dut. Kaiku taldera joan nahi dut; Gustukoa dut eta zuzendaria ere laguna dut. Gutun bat bidali nuen UCI-ra guztia azalduz eta baita Kaikuk ere. Orain zer erabaki hartuko duten zai egon behar dugu. Espero dut asko ez luzatzea Kaikuk ezin duelako luzaroan zain egon taldea osatzeko.

Zer itxaropen duzu?

ACP-n (Txirrindulari Profesionalen Elkartea) izena emanda daukat, eta Jose Rodriguez bertako zuzendariak normalean txirrindularien alde egiten dutela esan dit. Gehiegi luzatuko ote den beldur nahiz, lehengo urtean Albizuri gertatu zitzaion bezala.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide