Laxaro Azkunek urteroko ohitura du Durangoko Azokara joatea, baina, beti lan kontuekin. Aurten "lehengo aldiz" denbora-pasa joan da, "pixka bat disfrutatzera, irratian aritzen nintzenean ez bezala". Hala aitortu du Berria-k egindako elkarrizketan.
Azoka asko aldatu da hasierako garaietatik: "Hazi eta hazi egin da, eta gaur egun azpiegitura aldetik gero eta erosotasun handiagoa eskaintzen du ,alde askotatik. Onerako izan dira aldaketak, horretan ez dago dudarik". Eta euskal kulturarentzat erreferentzia eta beharrezkoa omen da. Honen inguruan hauxe dio: "Ez dakit hori gertatzea egokia den edo ez, baina nik uste dut guk behar izaten dugula gauzak gogoraraziko dizkigun eta eragin egingo diguten une batzuk. Ez dakit hala behar duen, baina, nolakoak garen jakinda, uste dut honelako zirikaldi batzuk behar ditugula".
Sarrera kobratzen hasteko aipuei buruz galdetu diote. Azkunek garbi erantzuten du: "Orain artean honelako kontuak erakunde publikoek finantzatu behar dituztela uste eta sinetsi izan dugu. Erakunde publikoek behar den diru guztia ematen ez badute,eta honelako ekimenak aurrera eramatea interesgarritzat jotzen baldin bada, beste bide batzuk bilatu beharko dituzte antolatzaileek. Hala ere, sarrera kobratzea baino lehenago beste bide batzuk probatu beharko liratekeela uste dut, babesle pribatuak adibidez".