414 mila euroko diru laguntza jasoko da PERCOrako

Urola-Kostako HItza 2004ko abe. 22a, 17:12

  • Enparan eta Plaza Txikia urbanizatu eta igogailu bat egiteko erabiliko da
  • "Berri ona" dela dio Udalak

Azpeitiko Udalak Eusko Jaurlaritzako Industria, Komertzio eta Turismo sailetik herriko komertzioa sustatzeko plana aurrera eramateko (PERCO) eta zenbait proiektu egiteko 414.493,51 euroko dirulaguntza jasoko du. Aste honetan jakin du horren berri Udalak eta «berri ona» dela dio.

Diru laguntzaren ebazpena astelehenean egin zuen publiko Eusko Jaurlaritzak, abenduaren 13an. Uztailean egin zuen Azpeitiko Udalak PERCOrako diru laguntza eskaera eta jasoko zuelakoan zegoen.

Bi proiektu

Diru laguntza hori herriko komertzioa indartzeko egingo diren bi proiektutan gastatuko da, Udalekoen esanetan. Batetik, Enparan kalea eta Plaza Txikia urbanizatzeko egingo diren obrak egiteko lagunduko du.

Bestetik, kaletik Santutxo, Etxe Alai eta Arana Goikoa auzoetara igogailu bat jartzeko izango da dirulaguntza. Oraindik, ordea, zehazteko dago non egingo den igogailua, zein gune zehatzetan. Baina, igogailu hau herritarren erabilerarako izango dela esan dute Udal arduradunek.

Diru laguntza hori jasotzeak baldintza batzuk jartzen dizkio Udalari lanak egiteko epeak zehaztuz. Datorren urteko martxoaren 31rako lanak nork egingo dituen erabakita izan beharko da eta bestetik, lanak 2005 urtea bukatzerako bukatuta egon beharko dute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide