Azpeitian Zer? Udaleko aldizkariak 2005erako Garmendipeko kirol gunea egingo dela dakar. Horretarako Udalak 1.442.429 euroko aurrekontua erabiliko omen du.
Kirol gunean 57x100m izango dituen zelai artifiziala jartzea nahi da, alboan lasterka egiteko eta oinezkoentzako esparruarekin. "Azpeitiko futbolaren egoera aztertzen ari zela garbi ikusi zuen Udalak herrian maila honeko futbol zelaien behar handia zegoela. Benetako belar zelai ederra egon badago Garmendipen, baina, bere erabilera mugatua da besteak beste erabilpen handia ezin duelako izan, belarra baldintza honetan mantentzeko", dio aldizkariak. Gaur egun zelaia "Lagun Onak Futbol Elkarteko 3. mailako talde nagusiak eta jubenilek erabiltzen dute soilik", eta horregatik, "hutsune handia" beteko dela dio.
Belar artifizialak abantailak dituela esaten da aldizkarian: "Kalitatea ziurtatzen du, beti jokatzeko prest dagoelako eta ez delako erraz izurratzen. Gainera, aurreneko inbertsioa eginda mantenimendu merkea du". Horrela, futbolean federatuak dauden Ikasberri eta Lagun Onak Futbol Elkarteei, eskolako partidei, eta lagun artean jokatu nahi duten herritarrei erabiltzeko aukera eskainiko zaie.
Etorkizun batean, gaur egun dagoen zelaia eta Anexoa kendu, eta beste artifizial bat jartzeko aurreproiektua dago. Horrez gain, aparkalekua biderkatuko litzateke, eta baita oinez eta lasterka egiteko eremua ere. Baina, oraindik, landu gabe dagoen proiektua da.
Tenisa eta paddle-a
Teniseko eta Paddle-eko bi pista jarriko dituzte. Hasiera batean, diote, "estali gabeak" izango direla, baina "aurrera begira" estaltzeko asmoa dagoela.
Honekin guztiarekin, kiroldegia indartuko da eta Garmendipe kirol gune bihurtuko.