Ziur nago, bakea hitza, Euskal Herrian beste lekuetan baino askoz gehiago entzuten dela. Bakea, elkarrizketa egunsentia arte, Autodeterminazioa, bizitzeko eskubideak, herriari galdetu behar zaiola XXI. mendean euskal unibertsoko Google bilatzailearen hitzik bilatuenak dira. Beraz, zergatik ez gara bakean bizi?
Aspalditik, Ezker Abertzalea galdera honi erantzuna bilatu nahian dabil. Saiakera desberdinak egin eta gero (Lizarra-Garazi akordioa, adibidez), urtetako lana eta esperientziatik abiatuta, Batasunak prozesu baterako metodologia bat aurkeztu du Belodromoan. orain bai, bakea lortzeko, betirako.
Eta zergatik orain bai, eta aurrekoetan ez? Batasunan uste dugu baldintza politikoak daudelako, hau da, orain dela 25 urte bezala, marko juridiko-politikoaren eztabaida irekita dago. Orduan, Gernikako Estatutuarekin eta Nafarroako Foru Hobekuntzarekin arazoa faltsuan itxi zen, gatazkaren oinarriak ikutu gabe: zenbait proiektu politikoak (beraien artean gurea, independentismoa) ezin dira aurrera eraman.
Hogeita bost urte hauetan denetarik izan dugu, suetenak, negoziazioak, biktimak, presoak, gerra zikina, tortura Etapa honetan, Ezker Abertzaleak bakarrik aldarrikatu izan dugu aldaketaren beharra, hori bai, borroka konpromisoarekin eta sufrimendu askorekin. Baina, esan bezala, aukera berri bat ireki zaigu. Orain, Euskal Herri osoan, ia agente guztiak, PSEtik PNVraino, proiektu bat dugu herriari galdetzeko. Goazen hitz egitea bada!
Eta nola? Ba, orain arte balio ez duena baztertuz eta bide berriak arakatuz, ez dago irtenbide magikorik. Hasteko, Batasunak uste du prozesu luze batetaz hitz egin behar dela, edo beste hitz batzuekin esanda, Bakea ez dela programa elektoral bat. Euskal herritar guztien eskubideak errespetatuak izateko elkarrizketa prozesu bat martxan jartzea da gure proposamena, herriari galdeketa batekin bukatuko duena.
Elkarrizketa hau benetakoa izateko, merezi duen seriotasunarekin aritzeko, eragileak konpromiso zehatzak hartu beharko dituzte. Batasunak, publikoak egin ditu eta beraien artean hiru hauek azpimarratu nahiko nituzke: galdeketaren emaitza errespetatzeko konpromisoa, bide baketsu eta demokratikoak soilik erabiltzeko konpromisoa, eta eragile guztien parte hartzea ahalbideratzeko konpromisoa. Gainera, akordioan ONUren Adierazpenak onartzeko konpromisoa hartzen dugu.
Teoriatik praktikara jaisten, Batasunak, bi akordio maila planteatzen ditu: bata, Euskal Herriko eragileen arteko akordioa, gaurko egoeratik abiatuta, gure Herria egituratzeko dauden proposamen guztiak aurrera eraman ahal izateko. Euskal Herritarren onespena beharko zuen eta sinatzaileek, Espainia eta Frantziarekin negoziazio prozesua martxan jarriko zuten. Eta bestea, ETA eta Estatuen arteko akordioa: Desmilitarizazioa, presoak, iheslariak eta biktimak.
Eta miloi euroetako galdera: zer egin behar du ETAk? Hasteko, argi dago beraien militanteen eskuetan gelditzen direla beraien erabakiak. Hori esan eta gero, askotan adierazi du bakearen aldeko hautua egin duela, bere lehentasuna dela, eta abar. Gainera, erakundearen ibilbidea objetiboki ikusita, mugarik gabeko elkarrizketa ahalbideratzeko pausuak emango dituela logikoena izango zen. Baina badago bi miloi euroetako galdera bat: Noizko Guardia Zibilaren eta beste indar polizialen tregua? Eta 18-98rena? Eta sakabanaketa hiltzailearena?
Hau da hainbeste komentario eta ilusioak piztu duen ekarpena. Batasunak aurrera pausu bat eman du, busti egin da. Beste alderdi politiko eta eragileei sakonki aztertzeko deia egin diegu. Mugituko al dira? Orain dela 25 urte egindako akatsak errepikatuko ditugu? Bakeaz hitz egin beharko dugu ala Bakean biziko al gara, behingoz?