Xabier Lasa: "Oso herri gutxi dira lasterkarako Azpeitia bezalako giroa dutenak"

Urola-Kostako Hitza 2004ko abe. 28a, 12:12

Xabier Lasa lasterkariak koadrilako batekin irtengo du Azpeitiko San Silbestrean: "Proba lasaiago hartuko dut"

Xabier Lasa lasterkari azpeitiarrak Azpeitiko IV. San Silbestre lasterketan irtetzeko asmoa du. Ez da lehen postuen bila arituko, aurten koadrilako batekin aterako da eta harekin batera egingo ditu ibilbideko zortzi kilometroak. Lasterketa "ederra" eta giro "paregabea" izaten delako herritarrak han parte hartzera animatu nahi ditu Lasak. Azpeitiko IV. San Silbestre lasterketarako izena eskualdeko herri desberdinetako kiroldegietan edota Hitzaren Zarauzko eta Azpeitiko egoitzetan eman daiteke.

Aurten koadrilako batekin aterako zara Azpeitiko San Silbestreko lasterketan. Zergatik?

San Silbestre eguneko lasterketa ez da Behobiakoa edo erdi maratoia bezalakoa. Desberdina da. Proba herrikoia da, eta ez gara ateratzen postu bat egitera. Koadrilako batek harekin aterako al nintzen galdetu zidan eta animatu egin naiz. Horrela proba lasaiago hartuko dut. Proba bukatzen dudanean igoal pena pixka bat hartuko dut, baina noizean behin karrera beste era batera egitea ere ondo etortzen da.

Aurten Behobia-Donostian eta Donostiako maratoian denbora eta postu onak egin dituzu, eta aurtengo helburuak nahikoa beteta izango dituzu, ezta?

Bai, Behobia-Donostian 24. postuan bukatu nuen eta Donostiako maratoia 9.ean. Behobiakoa uste baino hobeto egin nuen, gainera. Horrelakoetan denbora eta postu bat egitera joaten gara, baina Azpeitiko San Silbestrean giroa da garrantzitsuena. Orain lasaiago nabil lasterka, astean sei aldiz entrenatzen naiz, baina lasai-lasai egiten ditut entrenamenduak pisua-eta mantentzearren.

Orduan, giro ona izaten al da Azpeitiko San Silbestrean?

Bai, hala da. Oso herri gutxi dira lasterkarako Azpeitia bezalako giroa dutenak. Afizio handia dago lasterkarako, eta hori nabari da. Jendeak asko animatzen du, eta kanpotik ere jende asko etortzen da. Lasterketan egoten den giroa ere paregabea da. Herri askotan egiten da San Silbestre lasterketa, baina nik herritarrak herrikoan parte hartzera animatuko nituzke, bai zaharrak, gazteak, emakumeak... Askotan jendeak herrian lotsagatik ez du irteten, baina lasterketa erraza da, ibilbidea nahiko laua da, eta osasun pixkat daukan edozeinek bukatzeko modukoa da. Mendian edo paseoan ibiltzen denak egin dezake. Merezi du lasterketan parte hartzea.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide