Uztarria.com-ek 3 urte

uztarria 2005ko urt. 5a, 09:01

Itxura hau zuen uztarria.com-ek 2002ko urtarrilean (http://www.archive.org/)

Urtarrilaren 1ean, urte berri egunean, hiru urte bete zituen uztarria.com-ek. Hona hemen hiru urte hauetako ibilbidearen laburpena, datu batzuk eta aurrera begirako zein asmo ditugun. Zuen iritzia jakin nahi genuke, eta eztabaida ireki dugu.

Uztarria.com-en sorrera

Uztarria.com-en sorrera

Duela hiru urte, 2002ko urtarrilaren 1ean abiatu genuen Uztarria Azpeitiko Kultur Koordinadoraren komunikazio proiektu berria: uztarria.com. Komunikaziorako tresna dinamiko bat egitea genuen helburu, eguneroko albisteak eta eztabaidek herrian zuten hutsunea betetzeko asmotan. Orduko asmo eta lehen datuak, Eibarren izandako Software Libreko Mintegian azaldu genituen, txosten eta diapositiba batzukin.

Geroztik, euri dezente egin du kanpoan, eta uztarria.com-en ere gauza dezente argitaratu dira. Hasieratik geneuzkan atal haietan, honatx datu batzuk:

  • Albisteak, 1507; hauei erantzunak, 3779.
  • Eztabaidak, 47; inkestak, 44.
  • Aldizkariak, argitaratutako guztiak, 57
  • Agendan, eguneroko ekitaldiak.
  • Ziberteka atalean liburu batzuk.

Diseinu eta atal berriak

Duela urtebete pasa, ordea, uztarria.com berritu egin zen. Hain zuzen ere 2003ko azaroaren 29an, aldizkaria berritzearekin batera.

Diseinuarekin batera, atal berriak sartu genituen. Hona emaitza txikia:

  • Elkarrizketak on-line, 8 lagun elkarrizketatu ditugu.
  • Euskara atalean, iruzkinak, 86; hauei erantzunak, 158.
  • Argazkiak atal nagusia. Eguneko argazkiak, 19 hilabetetan 287 argazki; argazki-bildumak, 50 argazki-multzo eta 402 argazki.
  • Efemerideak. Eguneroko efemerideak erakutsi dira portadan, eta liburua argitaratu zenetik uztarria-k efemeride berriak gehitu dizkio, eguneratuta mantentzeko.
  • Azpeitia atala, berrantolatuta. Ziberteka huts zena, Azpeitia atala bihurtu genuen, bestelako informazioarekin: geografia, taldeak...

Bisitak eta datu estatistikoak

Hasiera-hasieratik ez, baina 2002ko ekain aldetik sarrera eta bisiten datuak neurtu dira uztarria.com-en. Lehen ere argitaratu izan ditugu hango zenbait datu, eta tori orain ere eskura ditugun datu guztiak: bisita, orrialde, hit eta kbyte-ei dagokionez.

Datu hauek webalizer 2.01 programak emandakoak dira. Ziur ez dakigu zergatik, baina uste dugu bisita kopuruak apur bat puztuta egon daitezkeela (batez ere rss bidezko harpidetzak gehitzen joan direnetik).

Beti goranzko joerari eutsi dio uztarria.com-ek, nahiz eta azken bi hilabeteetan pixkat behera jo duen (aurreko urteko datuen goitik, beti ere). 1.000 bisitatik gora ditu egunero, eta 5.000 orrialde baino gehiago erakusten ditu. Guztira, 2003an 235.000 bisita izan genituen, eta 2004an 365.000. Guztira, 2003an milioi eta erdi orrialde erakutsi ziren; 2004ean, aldiz, bi milioi pasatxo. 2003an, 30 CD-Rom betetzeko adina KByte banatu zuen uztarria.com-en; 2004ean, 54 betetzeko beste.

Hona hemen hiru urtetako sarreren datu guztiak (pdf formatua, 300 Kb)

Eztabaidak eta zuen iritziak

Ibilbide honetan guztian, saiatu gara gure irakurleen, zuen, iritziak kontuan hartzen. E-posta dezente jaso ditugu uztarriari komentatu orria bete eta hau edo hura aldatuko zenuketela esanez.

Eztabaidak ere proposatu ditugu propio, ataria hobetzeko asmotan:

Eta orain, albiste honekin batera, berriro jakin nahi dugu zuen iritzia, eta eztabaida berria irekiko dugu. Bota zuen iritzia, proposamenak, zalantzak, kritikak...

Aurrera begirako asmoak

Aurten ere lanean jarraitzeko asmoa daukagu, noski.

Gogoeta fase batean murgilduta gaude. 2004ean bailarako komunikabideen egoera asko aldatu da, Urola-Kostako Hitza sortu delako. Horrek eragina dauka komunikabide guztiengan, eta baita uztarria.com honetan ere. Horri erantzuten asmatu behar dugu, eta modurik onena aztertzen ari gara. Horregatik ere jakin nahi dugu zuen iritzia.

Baina, besteak beste, Azpeitia atal hori indartu nahi dugu, benetako informazio-artxibo bihurtuz: herriko historia, udalaren osaketa, hauteskunde datuak, azpeitiarrak eta hauen biografiak, liburu gehiago zibertekan, talde gehiagoren berri, zerbitzu atala (farmaziak, telefono interesgarriak, ordutegiak...), atal turistikoa, mendi-gidako ibilbideak, azpeitiarren idatziak bestelako medioetan, ...

Ea zenbateraino iristen garen.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide