Urola-Kostako Hitzak dakar albistea:
Gabonetako oporren ondoren, larunbatean lehen partida jokatu zuen Lehen mailako Iraurgi Lan Mobel saskibaloi taldeak Arrasaten, hango Mugarri Alkesa taldearen aurka. Garaipena, 87-92 emaitzarekin, Azpeitiko taldearentzat izan zen.
"Partida osoan aurretik izan ginen, eta izan genuen gehiengo abantaila 11 puntukoa izan zen", dio Jon Argoitia Lan Mobel Iraurgiko bigarren entrenatzaileak. Lolo Encinas entrenatzailea ere gustura zen lortutako emaitzarekin, "talde gutxi ari dira etxetik kanpo irabazten eta guk garaipena lortu genuen. Gainera, aspaldian partida batean 92 puntu sartzera arte ez ginen iritsi, eta erasoan ondo ibili ginen. Osak 24 puntu egin zituen, Jon Arozenak 16 eta Josu Arozenak 19".
Min hartutakoak
Arrasateko partida, hala ere, gazi-gozoa izan zen Lan Mobel Iraurgirentzat. Jon Arozena jokalari azpeitiarrak min hartu zuen; txorkatila bihurritu zitzaion. "Orain ikusi egin behar da zenbateko baja izango duen", dio Argoitiak. "Pare bat aste beharko ditu osatzeko Arozenak", dio Encinasek.
Iker Lizarriturri zarauztarra ere min hartuta dago. Arrasateko partida prestatzeko entrenamenduetan txorkatileko lotailu-haustura izan zuen. Honen baja luzeagoa izango dela uste dute Iraurgikoek. "3-4 hilabete beharko ditu osatzeko", dio Encinasek.
Sailkapenean Ardoiren atzetik bigarren dago Lan Mobel Iraurgi. "Zazpi partida gelditzen dira, eta bitartean gauza asko pasatu daiteke".
Hurrengo partida etxean jokatuko du Lan Mobel Iraurgik, Calahorraren aurka, larunbatean, 18:30ean, kiroldegian. Encinasen ustez, "irabazi beharreko" partida da datorrena ere.