Aisialdian ikasteko aukera

Urola-Kostako Hitza 2005ko urt. 13a, 11:01

Udaleko Gizarte Zerbitzuak eta Gazteria sailek ikastaro desberdinak antolatu dituzte, eta Gazteria sailekoetan oraindik izena emateko aukera zabalik dago

Irailean bezalaxe, urtarrilean ere alor desberdinetatik ikastaro berrien eskaintza zabaltzen da. Udaleko Gazteria eta Gizarte Zerbitzuak sailek hainbat ikastaro antolatu dituzte. Gizarte Zerbitzuak antolatutakoak hasita daude, eta Gazteriakoak, berriz, izena emateko epea ireki dute eta laster hasiko dira.

Jende piloak parte hartzen duen ikastaroak dira; bat bestearengandik desberdinak.

Gizarte Zerbitzuetatik antolatu diren ikastaroak hiru dira: Chi Kun, Risoterapia eta antzerkia. Chi Kunerako bi talde osatu dira, eta gaur hasiko da ostegunetako taldea. Antzerki tailerrekoak, berriz, atzo hasi zituzten ikastaroak. «Iazko talde berdina gara aurten ere, eta asteazkenero bilduko gara maiatza arte, 15:00etatik 17:00-etara», zioen Alaitz Olaizola antzerkiko irakasleak ikastaroaren hasieran.

Gazteriak antolatutako ikastaroek urtarriletik martxora arteko iraupena izango dute. Tai Chi eta sukaldaritzako ikastaroetan parte hartzeko izen-emate epea larunbatean bukatuko da, eta eneagramako ikastaroetan izena emateko azken eguna otsailaren 15a izango da. Irailean antolatu zuten Gazteriatik eneagrama ikastaroa aurreneko aldiz, eta oraingoan bi maila aukeran eskaini dituzte. Sukaldaritzan ere bi maila izango dira; sukaldean aritzeko ikastaroak «izugarrizko arrakasta» izan ohi du eta taldeak nahikoa erraz osatzen dira.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide