Alokairu soziala bultzatzeko Bizigune hitzarmena sinatu du Udalak

Urola-kostako Hitza 2005ko urt. 14a, 16:01

  • Etxebizitzaren arazoari konponbidea eman nahi dio Udalak
  • Atzo, sinatu zuen hitzarmena baina Bizigune programa dagoeneko martxan dago Azpeitian

Bizigune-Etxebizitza hutsen programaren hitzarmena sinatu zuen atzo Azpeitiko Udalak Eusko Jaurlaritzarekin. Hitzarmena sinatzeko Javier Madrazo Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte gaietako sailburua izan zen Azpeitiko udaletxean eta gero Sindikatu Zaharrean Azpeitia Lantzenen bulegoetan.

Bizigune hitzarmena sinatzeko helduruen inguruan jardun zen Julian Eizmendi alkatea. "Legegintzaldiko programaren helburuetan aurrena etxebizitzaren arazoari irtenbidea ematea zela adierazi genuen. Etxebizitzaren arazoak bi aterabide ditu, bata babes publikoko etxebizitzak egitea eta bestea etxe hutsen alokairua sustatzea; prezio egokian eta beharrean daudenentzat". Bizigune programaren funtsa hutsik dauden etxebizitzak mugitu eta prezio babestuetan alokairuan jartzea da.

1.100 etxe huts

Gaur egun Azpeitian 1.100 etxebizitza hutsik daudela adierazi zuen Udalak eta etxejabeak alokairuan jartzera animatu nahi dira. "Nolabaiteko paradoja bat ematen da Azpeitian, mila etxe huts baino gehiago dago, baina gero alokairuan etxe gutxi dago. Hori hausteko da Bizigune hitzarmena, etxe huts horiek alokairuan merkaturatzeko, eta, beharra dutenei, gazteei eta abar alor horretan aterabidea eskaintzeko", adierazi zuen Julian Eizmendi Azpeitiko alkateak.

Gaur egun Azpeitian Bizigune programa martxan dago: Biziguneren bidez zazpi etxebizitza daude errentamendukoak. 197 pertsonak dute Etxebiden izena emanda eta hauetatik 28k dute etxea alokatzeko eskaria eginda.

Madrazoren esanetan Bizigune emaitza onak ematen ari da eta dagoeneko mila etxebizitza daude alokairuan eta beste mila alokatzeko bidean. "Babestutako prezioan jartzen dira alokairuak eta etxejabeek ere abantailak dituzte, hilerokoa jaso eta bueltan etxea egoera onean hartuko dutelako. Etxejabearen eta errentapekoaren arteko kontratua Eusko Jaurlaritzako VISESAren bidez egiten da. Gainera, etxea egoera kaxkarrean badago alokairuan eman ahal izateko 18 mila euro arteko mailegua ematen zaio etxejabeari 0 interesarekin. Gero, hilerokoan kentzen joaten zaiona".

Bizigune programa Azpeitian

Azpeitiko Udalak Bizigune programa sustatzeko egingo duena da:

  • Azpeitia Lantzenetik. Bizigune programaren inguruko informazioa Azpeitia Lantzenen emango da (Sindikatu Zaharreko bigarren pisuan dago bulegoa). Bertara etxejabeak eta etxea alokatu nahi dutenak joan daitezke informazio eskean.
  • Pertsonala. Bizigune programa aurrera eramateko pertsona bat kontratatuko du Udalak. Langile hori hilaren bukaeratik aurrera hasiko da lanean eta Azpeitia Lantzenen egongo da.
  • Komunikazioa. Bizigune programaren sustapenerako komunikazio lana egingo du herrian Azpeitiko Udalak. "Etxe hutsak dituztengana iritsi eta alokairuan jartzera animatzeko".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide