Azpeitiko presoek itxialdian parte hartuko dute

uztarria 2005ko urt. 14a, 19:01

  • Estatus politikoaren bila borrokan ekimenaren baitan beteko dituzte txandak; Juan Karlos Arruti Paterra azpeitiarra eta Daniel Dergi hazpandarra hasi dira
  • Preso bakoitzak 10 egun beteko ditu zeldatik atera gabe

Urtarrilaren 4an hasi zen Estatus politikoaren bila borrokan ekimena, eta Azpeitiko presoek ere parte hartuko dute. Ekimena 10 egunez zelda barruan egotera oinarritzen da, "ziegen baldintza kaskarrek, txikitasunak eta bakardadeak" duen zailtasunarekin Amnistiaren Aldeko Mugimenduko kideen esanetan.

Estatus politikoa lortzearekin zera esan nahi dute: Giza eskubideak (bakartzearekin amaitu, mediku asistentzia ziurtatu eta ikasteko eskubidea errespetatu, besteak beste) eta oinarrizko eskubideak (presoen izaera politikoa aitortzea, eragile sozial eta politiko bezala onartzea, besteak beste) lortzea. Kanpainaren helburua, "ezartzen den isolamendu politikoarekin amaitzea eta preso politikoei hitza ematea da", AAMko kideek diotenez.

Gotzon Aranbururen egoerarekin kezkatuta azaldu dira, azpeitiarrak dituen neurriengatik. "Isolamenduan dago, eta preso sozial batekin bakarrik ateratzen da patio txiki batera. Egunero miatzen dute bera eta bere ziega, astean hiru gutun bakarrik bidal ditzake eta 10 lagunetara murriztu dizkiote bisitak, ostiral goizetan".

Paterra eta Daniel Dergi aste honetan

Juan Karlos Arruti 'Paterra'-k eta Daniel Dergi preso hazpandarrak ere ekin diote borrokaldiari; hain zuzen ere, gaur (hilak 14) hasi dira, Paterra Puerto de Santa Maria espetxean (Espainia), eta Dergi Clairvaux espetxean (Frantzia).

Senidetuta daude Azpeitia eta Hazparne (Lapurdi) herriak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide