Zeinek zer inposatzen du?

Azpeitiko Udala- Ana Mendizabal Muguruza 2005ko urt. 17a, 03:01

Uztarria Kultur Koordinadorak hautsi egin du euskara arloko hitzarmena Azpeitiko Udalarekin, sinatu zenetik bederatzi hilabete bakarrik igaro direnean, izan ere, hitzarmena 2004ko martxoaren 25ean sinatu baitzen.

Horren aurrean, Azpeitiko Udalak badu esatekorik:

1.- Elkarlanerako hitzarmenek, haur jaio berriek bezalaxe, ibiliz ikasten dute oinez eta ibilian-ibilian sendotzen dituzte zangoak. Udalaren eta Uztarriaren arteko akordioa oso berria zen eta Uztarriak ez dio behar bezala heltzen utzi.

2.- Uztarriaren iritziz, urraketa asko egin omen dira, eta oso larriak gainera. Gure ustez ez da urraketa bakar bat ere egin intentzio txarrarekin. Ez da inor ibili propio, ez dakigu zein intentzio beltzekin, adostutako prozedura eta metodologia urratzen. Gainera, uste dugu urraketak elkarlan berri batek ekarri dituenak direla: elkarlana asentatu gabe egotearen ondorio, alegia. Eta hain zuzen ere, elkarlan hori asentatu ahal izateko (aurretik aitatu dugun moduan, heltzeko), denbora ere behar da.

3.- Uztarriaren iritziz nahasmena sortu omen du herrian bi egiaztagiri egoteak. Hemen nahasmena sortu nahi duenak sortzen du. Adibide batekin esplikatuko dugu. “Bai Euskarari Ziurtagiria”-k hiru maila ditu: “Bai Euskarari ziurtagiria bidean”, “Bai Euskarari Ziurtagiria Guk zerbitzua euskaraz” eta “Bai Euskarari Ziurtagiria Guk zerbitzua eta lana euskaraz”. Eman dezagun baten bat sartzen dela “Bai Euskarari Ziurtagiria” duen denda batera. Dendakoak elkarrekin erdaraz topatu ditu, erosi du zer edo zer eta faktura erdaraz egin diote. Lagun hori harrituta geratu da, atean ziurtagiria ikusi duelako. Nahasmena sortu dio, ez duelako berak uste zuen zerbitzua topatu. Horrelako kasuak gerta ez daitezen zer egin behar dugu, “Bai Euskarari Ziurtagiria” baztertu, nahasmena sortzen duelako?

Nahasmena ez du “HEBE”-k sortzen. Nahasmena, sortzekotan, “HEBE” zer den eta “Bai Euskarari Ziurtagiria” zer den ez jakiteak dakar. Ziurtagiriek nola funtzionatzen duten ez jakiteak.

Gainera, Udalari ez zaio herritar bakar bat ere galdezka etorri nahasmen horren eraginez. Guri inork ez digu adierazi nahasmen hori. Beraz, nahasmen kontzeptua bera ere nahiko erlatiboa dela uste dugu.

4.- Uztarriak izendatutako langileak ez du eroso lan egin. Egin al dugu guztion aldetik saiakerarik hori saihesteko? Eroso lan ez egitea Udalaren erantzukizuna al da? Udalak ez du horren berririk izan langileak lana uzteko erabakia hartuta zuen arte. Beraz, Uztarriak ere badu horretan erantzukizunik, batez ere, berak izendatutako langilea izaki. Baina kontua ez da zeinen erantzukizuna den. Kontua da hor badagoela prozedura arazo bat, eta neurriak zehaztu eta hartu beharko dira, hurrengoan horrelakorik gerta ez dadin.

5.- Uztarriak akordio berria proposatu du, eta proposatu dituen lau gauzatatik hiruri baiezkoa eman zaio. Hain zuzen, "Bai Euskarari Ziurtagiria" baino ez erabiltzeari esan dio ezetz Udalak.

Eta noski, atal horretan bi kontu egin daitezke: Uztarriak Udalari “Bai Euskarari Ziurtagiria” bakarrik erabiliko dela “inposatzea”; edo Udalak Uztarriari “Bai euskarari ziurtagiria” eta “HEBE” (biak) erabiliko direla “inposatzea”.

Hala ere, badago ezberdintasun txiki bat: Uztarriaren proposamena baztertzailea da. Uztarriaren proposamena “hau ez eta hau bai” motakoa da. Udalarena berriz, “hau bai eta hau ere bai” motakoa. Batek ateak ixten ditu eta besteak berriz, ireki.

(ANA MENDIZABAL MUGURUZA Azpeitiko Udalaren Euskara eta Hezkuntza batzordeburua da)

Estreinakoz erabili.com-en argitaratua, 2005-01-14an.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide