Arau ordezkatzaileen berrikuspena egiten ari da Udala, eta maiatzerako bukatuta egotea espero du. Herenegun, udalbatzarrean, arau ordezkatzaileen hiru gune puntualen aurrerapenaren berri eman zen: Soreasukoa, Julian Elorza hiribideko 4. zenbakia (koartel zaharra) eta Etxebeltz-Izarra.
Soreasun, kultur gunea egin asmo du Udalak, koartel zaharrean 16 etxebizitza eta Etxebeltz-Izarran (20. eremua), babestutako 200 etxebizitza eta "lehen lerroan etxe pribatuak".
Manuel Unanue Udaleko EAren bozeramaileak, 20. eremuak baino lehentasun handiagoa 19. eremuak (Esklabetakoa) duela adierazi zuen, "Udalak 19.ean lur gehiago ditu eta 20.nak pribatuak dira". Julian Eizmendi alkatea (EAJ), "etxebizitzaren arazoak daukan lehentasuna kontuan" hartuta aurrerapenaren alde azaldu zen. "20. eremua urbanizagarri bezala izendatuta dago; beraz, aukera hori aprobetxatu egin behar da. 19. eremuan Udalak lur gehiago ditu, baina konplexuagoa da gune hori, izendapena aldatzea eskatzen baitu eta etxebizitza aldetik bolumen handiagoa eskatzen du. Gainera, zaharren egoitzaren kontua ere hor dago, eta gure ustez adinekoentzako egoitzak hor beharko luke".
Habeakoak ere ez zeuden ados, eta IƱaki Errazkinek eman zituen arrazoiak. "Etxebizitzaren inguruan beharren azterketa egin beharra dago. Bestetik, aurrena etxebizitza hutsen aurreko txoke dinamika eman behar da. Gainera, Habeak leku horretan gune berde bat, kirolerako, aisiarako proposatu izan du; gune berderik gabe gelditzen ari garelako. Eta, Udalaren zeregina promozio publikoko etxebizitzak bultzatzea da eta kasu honetan ekimen pribatua izango da".
Tabernak jartzeko araudia
Gai gutxi izan ziren herenegun udalbatzarrean eztabaidatu eta erabaki zirenak. Besteak beste, arau ordezkatzaileen gaineko aurrerapenaren berri emateaz gainera, tabernen, kafetegien eta antzekoen udal ordenantza aldatzea onartu zen behin behinekoz. Erdi kalea, Eliz kalea, Bustinzuriko Errebala, Jose Artetxe kalea, Ildefontso Gurrutxaga kalea, Pablo VI.a eta Harzubia Hiribidea 8. zenbakira arte mugatutako eremu izendatzea eta saturatuta dauden gunetzat jotzea proposatu zen.
Gainera, lehen 25 metroko distantzia eskatzen zen taberna batetik bestera, taberna berri bat jartzeko. Baina, orain 25 metroko tartea izan beharrean 25 metroko esfera bat eskatzen da. "Bestela, taberna baten gainean bestea jartzeko aukera ematen baita". Neurri hauek etxebizitzak dauden guneetan errespetatu behar dira, ez industria guneetan.