San Sebastian bezperan pankartak jartzean "ertzainen jazarpena itogarria" izan zen

Uztarria 2005ko urt. 21a, 18:01

Garikoitz Etxeberria 'Kafe' Haika kasuagatik epaituko dutela-eta Azoka plazan asteazkenean jarritako pankarta. Gutxi iraun zuen.
  • Hiru "pankartetan iritzi politikoa zegoen"
  • Azoka plazan zegoen jendea "harrituta gelditu zen burua estalita zuten ertzainekin"

San Sebastian bezperan helduen danborradan "tentsio" handia bizi izan zen Azoka plazan, herritar batzuk urtero bezala pankartak zintzilikatzera joan zirenean, ertzainak zain zituztelako. "Larria izan zen", esan diote Uztarriari (eta Urola-Kostako Hitza-ri) pankartak jartzera joan zirenek. "Iritzi politikoa zuten pankartak ziren. Hiru guztira: Garikoitz Etxeberria Kafe herritarra Jarrai-Haika-Segi kasuagatik epaituko dutela-eta egindako salaketaz zegoen bat, Batasunaren ilegalizazioari buruzkoaz beste bat, eta Habea plataformaren ilegalizazioa dela-eta Habeari udaletxean dagozkion lekua hartzeagatik zinegotziei egindako salaketaz beste bat. Baina badirudi horrelakoak publiko egitea ez zaiela gustatzen batzuei".

Gaueko hamabietan zen plazan bandera igotzea, eta hamalau bat lagun hogei bat minutu lehenago joan ziren Azoka plazara, pankartak jartzera. "Baina ordurako han zegoen ertzainen furgoneta bat sarrera parean, eta ate ondoan, baina Azoka plaza barruan, ertzain batzuk, pilotak botatzeko armekin. Hamabietarako gutxi falta zela, gutako batzuk gora joatea erabaki genuen, eta ertzainek atzetik segitu gintuzten. Behin goian ginela, pankartak jartzen, ertzainen probokazioa izugarria izan zen, jazarpena itogarria: pankartak jartzen ari ginela, metro erdira ere ez genituen ertzainak. Eta bat-batean ertzain denek burua estali zuten. Azoka plazan goian, danborrada ikustera joan zen jendea harrituta zegoen: guraso asko umeekin zeuden, gu ikusten gintuzten ikusleekiko errespetu osoz pankartak ipintzen, eta ertzainak, berriz, probokazio hartan eta burua estalita, tentsioa eta beldurra sorraraziz. Umeak beldurtuta ikusten genituen. Gu denok festan geunden eta ertzainak modu horretara".

Pankartak jarri zituzten, Batasunaren ilegalizazioari buruzkoa izan ezik, eta danborrada bukatu arte "badaezpada" Azoka Plaza goian gelditu ziren, "jendartean". "Baina pankartek ez zuten askorik iraun: ipini eta pare bat minutura ertzainek kendu egin zituzten, labanekin sokak moztuta. Eta eraman egin zituzten".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide