"(...) *revisadas las comunicaciones ordinarias mantenidas por usted en los últimos tres meses y comprobado que gran cantidad de las personas autorizadas a comunicar con usted en calidad de amigos no se han presentado(...) se autorizará a partir de ahora a un máximo de 10 personas a comunicar* (...)".
Estatuko espetxe gehienetan egiten ari diren moduan, gabonsari partikular ilun hori oparitu zigun Alcala-Mecoko zuzendariordeak abendu amaieran jaso genuen idatzian. Gainera, ez dute aitzakia makala aukeratu gure lagunen zerrenda hamar pertsonara murrizteko. Ez omen dira azken hilabeteetan guztiak etorri... Kontxo, nola demontre etorriko zaizkio, bada, guztiak, zerrendan hamarnaka lagun baimenduta dituen presoari hiru hilabeteko epe horretan bisita bakarrarekin? Lagunok... arazo matematiko argi baten aurrean egon arren, ez da zehazki hori izan neurri hori hartzera bultzatu dituena.Euskal preso politikook jasotzen dugun elkartasunak eta maitasunak sortzen die ezinegona espetxeetako jauntxo, Auzitegi Nazionaleko Zaintza epaile eta Espetxe Erakundeetako bulegoetan esertzen diren lotsagabeei. Jakin badakite, haiek gu moduan ehunka edo milaka kilometrotara sakabanatuz gero, lanak izango dituztela zerrendan sartu ahal izateko hamar pertsona aurkitzeko. Hori da, hain zuzen, tripako mina ematen diena... Horregatik murrizten digute lagunen bisita zerrenda; horregatik kontrolatzen dituzte gure dei telefoniko eta gutunak; horregatik sakabanatzen gaituzte gure sorterritik ehunka kilometrotara. Presoaren eta herriaren arteko zilbor-hestea moztu, presoa bakartu eta suntsitzeko. Ordea, zerk bereizten gaitu haiengandik? Zerk bultzatzen ditu gure senideak eta lagunak astebururo, hutsik egin gabe, errepidean milaka kilometro egitera bizia arriskuan jarriz? Argi eta ozen salatu nahi dugu mendeku egarriz hartutako neurri horiek, jasotzen dugun elkartasuna deuseztatzea bilatzeaz gain, gure senide eta lagunen sufrikarioa handitzea dutela helburu. Bisitetarako lagun kopurua murrizteak gure senideen derrigortutako bidaiak areagotzea dakar, errepidean zerraldo gelditzeko aukerak handituz zozketa makabro horretan. Edo hori al da bilatzen dutena? Gero trafiko istripu arrunt moduan aurkeztuko dituzten estatu erailketak programatzea?
Kasualitatez, bisiten zerrenda murrizketa hori auto istripua jazo eta egun gutxira iritsi zaigu; istripu horretan, sakabanaketa politikaren azken biktima hil da, gure artean dagoen Ekain Gerraren ama Karmele, eta haren aita Jose Luis larri zauritu. Gizatasuna zen Karmeleren ezaugarria; gizatasunak bultzatzen zuen hutsik egin gabe semea ikusteko bidaiatzera; hain zuzen ere, espetxe agintariek neurri hori hartzeko unea aukeratzean falta izan zaien gizatasuna.Harro gaude Karmele moduko ama eta senitartekoak edukitzeaz, harro erakusten duten kemen, eskuzabaltasun eta duintasunaz. Zorte onekoak gu! Horregatik guztiagatik maite zaituztegu. Orain arte bisitetara etorri diren eta aurrerantzean etorri ezin izango diren lagunak maite ditugun moduan. Zuek ere maite zaituztegu... Karmele, maite zaitugu.