Internet arloko Argia Saria, uztarria.com-entzat

Uztarria.eus 2005ko urt. 28a, 17:01

Argazkian Kepa Urbieta, uztarria.com-eko editorea, behetik lehenena, saria jaso ondoren beste sarituekin batera.

Uztarria.com Azpeitiko atari honi eman dio gaur arratsaldean (urtarrilak 28) Lasarte-Orian Argia astekariak 2005. urteko Argia Saria. Hain zuzen ere, Sareko Argia Saria eman dio, Internet arloko saria.

Argia-koek bertakoek jakinarazi dutenez, aurtengoan "herri mailako webgune dinamikoa bat nabarmendu nahi izan dute" eta arlo horretan uztarria.com:

  • Herriko informazio eskaintza ugari eta erabilgarria eskaintzen duelako.
  • Herriko bizitza sozialaren kezkak eta eztabaidak jasotzen eta eragiten asmatu duelako.
  • Foroan gutxitan bezalako eztabaidak, aniztasuna eta ekarpenak aurki daitezkeelako.
  • Herriko informazioa sareko mentalitatez, begiz eta antolamenduz islatzen asmatu duelako.

Uztarria-ko ordezkariak esana

Kepa Urbieta uztarria.com-eko editoreak jaso du saria, Uztarria Azpeitiko Kultur Koordinadoraren izenean. Ekitaldian ziren Laxaro Azkune koordinadorako lehendakaria eta Josu Azpillaga Uztarriako kidea ere.

Urbietak eskerrak eman dizkie Argia-koei sariagatik, eta nabarmendu du uztarria.com duela hiru urte sortzea apustu handia izan zela Uztarria Kultur Koordinadorarentzat, eta sariak indarra emango diela aurtengo helburuei behar bezala eusteko. Proiektua diruz laguntzen duten Azpeitiko Udalari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari, CodeSyntax enpresakoei, Uztarriako bazkideei eta uztarria.com-en parte hartzen duten guztiei eskerrak emanez bukatu du Urbietak.

Irakurri osorik esker oneko hitzaldia (pdf, 8Kb)

Beste sarituak

Beste arloetako Argia sarien irabazleak, berriz, hauek izan dira aurtengoan:

  • Prentsa idatzia: **Iñigo Aranbarri**
  • Irratia: Mikel Bujanda
  • Telebista: Julian Iantzi
  • Merezimenduzko Saria: Gorringo taldea Kutsidazu bidea Ixabel antzezlanagatik

Orain arteko sarituak

Sareko ARGIA saria 1999. urtean eman zuten aurreneko aldiz. Ordutik, honako hauek izan dira arlo honetako sarituak:

Ezagun asko ekitaldian

Ehun lagun pasa bildu dira Txitxardin Beltxa jatetxean Argia-ren sari emate ekitaldian. Pertsona ezagun asko. Besteak beste: Miren Azkarate Eusko Jaurlaritzako bozeramailea eta Kultura sailburua, Mertxe Colina (AB), Inazio Agirre (AuB), Juan Martin Elexpuru (Aralar), Onintza Lasa (EA), Xabier Mendiguren Bereziartu (Kontseilua), Jose Inazio Ansorena txistularia, Andoni Egaña, Imanol Lazkano eta Amets Arzallus bertsolariak, Xabier Mendiguren Elizegi idazlea, komunikabideen munduko Txema Auzmendi, Iñaki Uria, Xabier Lekuona eta Eguzki Agirrezabalaga... Guztiei eskerrak eman dizkie Xabier Letona Argia-ko zuzendariak.

Urte berezia izango da 2005a Argia-rentzat: uda-partean 2.000 zenbakia plazaratuko du. Zorionak!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide