Zazpi urte joan dira Estatu espainiarrak Euskal Herriaren aurkako beste pauso errepresibo bat gehiago eman eta hainbat erakunde eta komunikabideren aurkako erasoak hasi zituela. Euskal jendartean jada aski ezagunak dira Espainiako Auzitegi Nazionalean irekita dauden 18/98 eta horren ondotik etorritako gainerako makrosumarioek izan dituzten ondorio larriak, 200 pertsonatik gorako auzipetze, atxilotze edota kartzelatzeekin; hamaika erakunde eta komunikabideren kriminalizazio eta ilegalizazioekin; hainbaten tortura salaketekin... Urte honetan eraso bidegabe horren bigarren faseari ekingo diote, makrosumario horien guztien epaiketei hasiera emanez.
18/01 makrosumarioa Jarrai, Haika eta Segi gazte erakundeen aurka egindakoa da. 2001eko martxoan abian jarri zutenetik 42 gazte izan dira auzipetuak, gehien-gehienak kartzelatuak, eta hiru gazte erakunde ilegalizatuak. Gezurretan eta irregulartasun juridikoetan oinarritutako sumarioa da: dena ETA da tesia aplikatzen dute frogarik gabe, ez da jokabide deliktiborik zehazten, eta akusazio bakarra aurrez aipatutako hiru erakunde horietako kidea izatea da. Orain Auzitegi Nazionalak prozedura azkartu nahi du, inolako berme juridikorik gabe, arrazoi argi batengatik: martxoan oraindik kartzelan mantentzen dituzten bederatzi gazte behin-behineko espetxealdiaren legezko mugara iritsiko baitira eta aske utzi beharko bailituzkete aurretik epairik ezean. Behin-behineko espetxealdi horren gehiegizko erabileraren ondorioz, beste hamabost gaztek hiru urte beteko dituzte kartzelan. Fiskalak zigor eskaera egin berri du, eta 654 urteko espetxealdia eskatu du 42 gazterentzat.
.654 urteko espetxe zigorra Jarrai, Haika eta Segiko inputatuontzat, Euskal Herriaren alde lan egiteagatik. Euskal gazteriaren defentsan agertzeagatik eta bere eskubideak nonahi defendatzeagatik. Erabat zilegi den gure proiektu politikoaren alde borroka egiteagatik. 654 urteko espetxe zigorra ezarri nahi digute antolatu eta borrokatzeko eskubidea praktikara eramateagatik, aro modernoan eskubide zibil eta politikoen aurka izan den erasorik larrienean.654 urteko espetxe zigorra ezarri nahi zaio euskal gazteriari. Gazteontzako bizi-baldintza duinen alde lan egiteagatik, gazteontzako espazio autogestionatuak defendatzeagatik, bizi eredu askatzaileen alde agertzeagatik, armadari intsumisioa egiteagatik, kulturgile gazteen lana bultzatzeagatik. 654 urte gazteen ametsak, desirak, nahiak eta ilusioak antolatu eta bide emateagatik.Euskal Herri osoaren aurkako eraso bat da. Aske nahi duen euskal gazteria osoa dago eraso horren jopuntuan. Azken finean, parte-hartze politikorako eskubidea, adierazpen eta iritzi askatasuna, elkartze eta antolatze eskubidea eta askatasun ideologikoa zigortu nahi dituzte, eta horrek gazte eta, oro har, herritar guztiongan eragina dauka. Beraz, guztioi dagokigu erantzuna ematea, Euskal Herriak eraso hau gelditu behar du. Orain, euskal gazteriaren defentsan ateratzeko unea da, eta aukera ezin hobea dugu horretarako bihar, ostirala, Euskal Herriko hiriburuetan egingo diren kontzentrazioetan.
Maider Alonso , Mikel Ayllon, Unai Beaskoetxea, Igor Chillon eta besete 38 lagun
8/01 Sumarioko (Jarrai-Haika-Segi) inputatuak