Santa Ageda gogoan, bihar hasiko dira Matxinbentako festak

Urola-Kostako Hitza 2005ko ots. 3a, 15:02

Bihar hasiko dira santagedak Matxinbentan. Asteburu osoan jai giroa gailenduko da bertan. (Nerea Uramga)

Igandera arte, jai giroan hainbat ekitaldi antolatu ditu festa batzordeak

Matxinbentako batzordea osatzen duten bost lagun jardun dira santagedak antolatzen urtarriletik. Asteburuan ospatuko dira jaiak, bihar goizean goiz hasita, santaeskearekin.

"Urtarrilaren hasieran hasi ginen jaiak antolatzen. Astean behin, ostegunetan Matxinbentako dozena bat pertsona elkartu gara eta lanak banatu ditugu: bat udaletxeetan diru laguntza eskatzeaz arduratu da, beste bat soinujoleez", dio Ainitze Agirrezabala matxinbentarrak. Saloia bezala ezagutzen duten lokalean biltzen dira batzarrak egiteko.

Aurten inauteriak santagedatan direla-eta zalantza txiki batzuk ere izan dituzte. "Matxinbentako festetara hemendik kanpo bizi diren auzotarrak etorri ohi dira batik bat, baina beste lagun koadrila batzuek ere ohitura dute festetara etortzeko, eta aurten igandean Azpeitian Elegante Eguna da. Aldatu edo ez ibili ginen, baina egunak errespetatzea erabaki dugu azkenean".

Festak antolatzeko Azpeitiko eta Beasaingo udalek ematen dute diru laguntza, "urte bakarren batean Ezkio-Itsasoko Udalari ere eskatu genion eta eman zigun, baina bestela udalek emandako diruarekin ondo moldatzen gara". Orain dela bi urte Matxinbentako produktuekin osatutako otarra baten zozketa egiten hasi ziren bestelako diru iturri bat izateko, eta handik "uste baino diru gehiago" ateratzen omen dute, "probatzeko hasi ginen otarra zozkatzen, eta emaitza onak ematen ditu".

Urola-Kostako Hitza webgunetik ateratako albistea da.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide