Nola kontatu ipuinak?

Urola-Kostako Hitza 2005ko ots. 3a, 15:02

  • Ikasberri Azpeitiko Ikastolak ipuin kontaketa ikastaroa antolatu du hilaren 12an eta 19an
  • Pello Añorga kontalaria izango da irakaslea

Hainbatetan izan da Pello Añorga ipuin kontalaria Azpeitian, Udal Liburutegira ipuinak kontatzera etorrita. Baina orain bestelako lan bat egitera etorriko da Ikasberri Azpeitiko Ikastolara.

Ikasberrik ipuin kontaketa ikastaroa antolatu du, eta irakasle Pello Añorga ariko da. Zergatik antolatu da? "Umeen irudimena eta garapen pertsonala lantzeko, ipuina tresna baliagarria dela jakinik, oso garrantzizkoa dugu mundu honetan gabiltzanok ipuinen atzetik dauden ilusioak eta mezuak transmititzea. Ipuinek aukera ezin hobea eskaintzen digute, haurrek dituzten beldurrak kanporatzeko eta giza baloreetan oinarritutako heziketa bultzatzeko", diote antolatzaileek.

Baina ipuinen mundua, emozioez gainera, "irakurzaletasuna eta jakin-mina" pizteko lagungarri dela uste dute.

Ikastaroak otsailaren 12an eta 19an emango dira Ikasberri Azpeitiko Ikastolan, 10:00etatik 13:00etara. 15 laguneko taldea osatuko da. Laguneko 15 euro kostatuko da, eta izena Ikasberriko idazkaritzan eman behar da.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide