Inauteriak iritsi dira dagoeneko, eta gaur arratsaldean herriko ikastetxe eta ikastola desberdinetan ospatuko dituzte, mozorroak jantzita.
Gaur, Santa Ageda bezpera izanik, inauterietako mozorro jaialdiak santaeskearekin tartekatuko dituzte ikastetxe guztietan. Iraurgi ikastetxeko mozorro jaialdiak izango dira aurrenak, gaur arratsaldean. Ikasle txikienek 15:00etatik 17:00etara Milagrosa ikastetxean egingo dute jaialdia, eta gainontzekoek Betharrametan, 15:00etatik 17:00etara.
Azpeitiko Karmelo Etxegarai ikastolako ikasle txikiek, Euskal Herria kaleko ikastolan mozorro jaialdia 15:15ean hasiko dute. Kaldereroak izango dituzte bisitan aurrena eta, ondoren, gurasoekin jaialdiak aurrera egingo du. Gainera, gurasoek prestatuta txokolatada ere izango dute.
Ikasberri Azpeitiko Ikastolan, urtero bezala, Euskal Inauterien jaialdia egingo dute. 18:15ean irtengo da Euskal Inauterien kale jaialdia Olazko Amaren plazatik eta kalerik kale ibiliko dira, geldialdiak egin eta hainbat dantza egingo dituzte.
Euskal Inauterietako kale jaialdian joaldunak, tuntturroak, zanpantzarrak, Behenafarroako bolantak, Unanoako mamoxarroak, Lapurdiko kotilungorriak, Lantzeko txatxoak eta sorginak aterako dira, baita Miel Otxin, Ziripot eta Iparraldeko erraldoiak ere.
Eguraldi txarra egingo balu, jaialdia Izarraitz pilotalekuan egingo dutela iragarri dute Ikasberrikoek.