Espainiako Polizia Iker Iparragirre azpeitiar gaztearen atzetik ibili zen atzo (asteazkena), airera tiroak botaz hura atxilotzeko asmoz. Eguerdiko ordubiak aldera gertatu zen (Askatasunak arratsean zabaldu zuen, ohar baten bidez, Ikerren izena). Ikerrek ihes egin zuen eta ez da bere berririk ordutik. Operazio polizialak oraindik irekita jarraitzen du.
Gaur, osteguna, batzar jendetsua egin dute plazan, gertatutakoaz hitz egiteko, eta biharko manifestazioa antolatu dute (19:30).
Atzoko gertaera
Atzo Erdi kalean zeuden herritarrak zur eta lur geratu ziren ikusten zutena ezin sinetsita. "Poliziak gazte baten atzetik hasi dira lasterka, zentroan. Gaztea, orduan, lasterka hasi da, baina zerbaitekin estropozu egin eta erori egin da. Poliziek harrapatu egin dute, baina gazteak herioan-edo askatzea eta ihes egitea lortu du", zioen orduan kalean zebilen batek. "Poliziek bost tiro bota dituzte airera", esanez bukatu zuen.
Ondoren, Etxe-Zuri tabernara sartu ziren kaleko arropaz jantzita zeuden poliziak eskuan pistola zutela, Iparragirre harrapatu asmoz. Hiru ziren hasieran, baina laster deitu zieten gainontzekoei, "*aquĆ hay mucha gente*" esanez. Korrale tabernara ere sartu ziren. Bost polizia, eta "bi behintzat" armak erakutsiz; tabernariari musika kentzeko esan eta Korralen kafea hartzera joandako jendeari paretaren kontra jartzeko esan zien. Ondoren identifikatu egin zituzten. Intz tabernara ere sartu ziren, begiratua bota eta irteteko.
Kalean gero eta polizia gehiago bildu zen, "8-10 bat" izateraino, bertan zeudenek esan zutenez, eta tentsio giroa eta izua sortu zuten. Ondoren, Ertzaintza heldu eta identifikazioa eskatu zien; poliziek plaka erakutsi eta guztiak joan egin ziren momentu batez, gero berriro itzultzeko.
17:00ak aldera Iparragirreren autoa eta etxea (Euskalerria auzoan) miatzen hasi ziren poliziak, herritar batek uztarria.com-i adierazi zionez. Espainiako Poliziaren bi furgoneta iritsi ziren etxe ondora. 19:00ak aldera bukatu zuten miaketa. Agendak, paper batzuk eta abar eraman zituzten; ordenadorerik ez. Poliziak han zirela, etxe inguruan 30 bat herritar bildu ziren eta orduan ere tentsio uneak bizi zituzten; poliziek armekin mehatxuka jardun ziotelako jendeari.
Poliziak, atzo goizaldean izan zen operazioarekin lotu du Azpeitiko atxilotze saioa, familiari erakutsitako autoan. Hain justu, Espainiako Poliziak 14 euskal herritar atxilotu zituen ( Berria ). Espainiako Barne Ministerioko iturriek esan zutenez, "ETAko kide berriak egiteko" azpiegitura guztia suntsitu dute sarekada horren bidez. Izan ere, Espainiako Barne Ministerioaren arabera, atxilotuek "lan organikoak" egin dituzte ETAren "egitura operatiboan".
Azken albisteak:
(Asteazken gauean) Ertzaintzak Azpeitiko gertaera ikertuko duela adierazi du Javier Balza Herrisaingo sailburuak. Eta honakoa gaineratu du: "Gaurko atxiloketek ez dute inolako zerikusirik Ertzaintzaren inolako operatiborekin. Antza denez, Frantzian atzemandako dokumentaziotik abiatu da operazioa eta kasu horietan, sorburua Frantzian duten operazioetan, guk ez dugu informaziorik izaten", EITB24.com-en adierazten denez.