Unai Lizaso herritarra atxilotu berri dute, orain dela 20 bat minutu. Urtzi aurrean gertatu da atxiloketa eta, uztarria.com-i lekuko batek adierazi dioenez, kalez jantzitako sei poliziak eraman dute Unai Lizaso.
Atxilotu eta bi kotxek irten dute handik, eta nonbait, Unai bera bere kotxean sartuta eraman dute.
19:30ean elkarretaratzea egingo da herrian, gaurko atxiloketa, eta asteazkenean Espainiako Poliziak egindako atxiloketak eta Iker Iparragirre azpeitiarraren atxilotze saioa salatzeko.
Azken albisteak:
(15:50) Albiste agentzi batek dioenez, Unai Lizasoren atxiloketa asteazkenean eginikoen jarraipena da. Guztira, beraz, ETAri laguntza ematea leporatuta 15 lagun atxilotu ditu Espainiako Polizia Nazionalak. Beti ere agentziaren arabera. Beraz, badu Iker Iparragirreren kasuarekin lotura. Operazioak irekita jarraitzen du.
(16:45) Unairen etxea miatzen hasi da Espainiako Polizia Nazionala Sanjuandegin. Unai Lizaso beraiekin ekarri dute. Bi furgoneta eta auto bat iritsi dira. Polizia armak eskuan dituela dago atarian.
Unairen lagunak babesa ematera inguratu zaizkio etxe aurrera.
(17:30) Unairen etxetik atera dira, miaketa amaituta. "Sukaldean eta zaborretan begira" ibili dira aitak esan duenez. "Argazkiak eta paper gutxi batzuk" eraman dituzte.
Unai autoan eramaten ari zirenean jendea Sanjuandegiko biribilgunean bilduta zegoen animoak emateko, lekuko batek adierazi duenez. Orduan, Poliziaren atzeko autoa gelditu eta polizia bat autotik atera da arma eskuan zuela. Tentsio uneak egon direla esan du lekukoak.
(hilak 12, 14:30) Asteazkenean atxilotutakoetatik zortzik deklaratu dute epailearen aurrean, eta hiru libre utzi dituzte. Besteak deklaratzear daude. Unai Lizasok, aldiz, Espainiako Poliziaren etxean segitzen du, Madrilen, inkomunikatuta.
(hilak 12, 16:25) Azken egunetako atxilotze saioa, atxiloketa eta poliziaren presentzia dela eta, Habea udal plataformak udalbatzar berezia egiteko mozioa sartu du (alkatearekin bildu da), eta herritar batzuek ere hori bera eskatu dute, eta orain dela gutxi jakin denez, Julian Eizmendi alkateak astelehenerako udalbatzar berezia deitu du. 13:30ean hasiko da.
(hilak 12, 17:40) Mario Corral, Koldo Rosado eta Estibalitz Goitia aske geratu ziren atzo epailearen aurretik pasatu ostean. Itsaso Guemes, Arkaitz Ormaetxe, Eneko Perez, Asier Burgaleta eta Alaitz Artetxeren kasuan, deklaratu eta Soto del Real espetxean dira, autoa jakin zain. Gaur deklaratu duten Anitz Eskisabel, Anuntzi Alonso, Pagoa Zulueta, Xabier Flores, Mikeldi Diez eta Ixone Fernandezentzat ere espetxe zigorra eskatu du fiskalak. Ordubete barru plazaratuko du Baltasar Garzon epaileak autoa. Unai Lizasok, aldiz, Espainiako Poliziaren etxean segitzen du, Madrilen, inkomunikatuta. Iker Iparragirrez ez dago albisterik.
(hilak 12, 18:17) Unai Lizaso astelehenean pasatuko da epailearen aurretik. Ostegunean atxilotu zuten, Azpeitian. Orain Espainiako Poliziaren etxean dago, Madrilen, inkomunikatuta.
(hilak 14, 11:45) Epailearengana 10:00etan eraman behar zuten Lizaso.
Bere lankideek 12:30ean elkarretaratzea egingo dute anbulategi aurrean.
(13:00etan) Unai Lizasoren lankideek elkarretaratzea egin dute anbulategi aurrean. Bien bitartean komunikabideei agiri bat bidali die besteak beste zera esanez:
"Kezka handia dugu uneotan 'lege antiterroristaren" pean inkomunikazio egoeran atxilotuta dagoelako. Izan ere, lege horren pean urtetan euskal herritarren kontrako tratu txarrak eta torturak gertatu baitira".
"Unairen kontra hartutako neurri hori erabat bidegabea da eta, beraz, berehala libre uztea eskatzen dugu".
Horregatik, "une larriotan elkartasuna adierazi nahi diogu Unairi eta bere hurbilekoei, laster gure artean egongo den itxaropenez".