Unai Lizaso libre utzi du epaileak

uztarria 2005ko ots. 14a, 15:02

  • 13:30ean hartu du erabakia epaileak
  • Behin-behineko askatasuna eman dio; torturak jaso dituela esan dio Lizasok uztarria.com-i
  • Azken albisteak (hilak 14, 20:50): Ongietorria egingo diote 22:00etan, oraintxe iritsi berri den Lizasori
  • Ostiralean atxilotu zuen Espainiako Poliziak

Unai Lizaso zestoarra —Azpeitian bizi da— libre utzi berri du Baltasar Garzon epaileak, deklarazioa hartu ostean. Epaileak ez dio jarri bermerik, baina behin-behineko askatasuna eman dio, eta aldian-aldian bere burua aurkezteko baldintza ezarri dio. Lizasok 14:00ak inguruan irten du Madrilen Espainiako Auzitegi Nazionaletik. Hantxe kanpoan esan duenez, "gogorra" izan da atxiloketa garaia.

Ostiralean atxilotu zuen Espainiako Poliziak Lizaso, Azpeitian, Urtzi taberna inguruan, eta harrezkero inkomunikatuta eduki dute, Madrilen. Atxilotu zutenean Donostiara eraman zutela esan dio uztarria.com-i Lizasok, eta handik berriro ekarri zutela herrira etxearen miaketa egiteko. Gero zuzenean Madrilera eraman zuten. Bi egunetan zehar "torturak" jaso dituela esan du: "Kolpeak, ileetatik tira... batetik, eta bestetik neska-laguna atxilotu zutela-eta esaten zidaten. Inoiz ez nuela handik irteterik izango..." Gaur goizean pasatu da epailearen aurretik, eta behin kanpoan dagoela ikusita alai egon da Uztarriarekin berriketan. "Barrez nabil, gustura".

Azpeitiar eta zestoar batzuk Madrilen dira, eta haiekin itzuliko da Lizaso, gaur.

Lizasoren lankideek gaur goizean elkarretaratzea egin dute anbulategi aurrean, eta oharra zabaldu dute komunikabideentzako. Besteak, beste, "Unairen kontra hartutako neurri hori erabat bidegabea" dela zioten, "eta, beraz, berehala libre uztea eskatzen dugu. Horregatik, "une larriotan elkartasuna adierazi nahi diogu Unairi eta bere hurbilekoei, laster gure artean egongo den itxaropenez". "Kezka handia dugu uneotan lege antiterroristaren pean inkomunikazio egoeran atxilotuta dagoelako. Izan ere, lege horren pean urtetan euskal herritarren kontrako tratu txarrak eta torturak gertatu baitira", zioten lankideek.

Azken albisteak

(20:50) Unai Lizaso Madrildik Azpeitira iritsi da, eta 22:00etan ongietorria egingo diote lagunek Orkatzen. Aurretik, mediku forentsearengana joan da; izan ere, tortura zantzuak ditu Lizasok gorputzean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide