1. kaixo joseba, EI bekadun izan nintzen eta zurekin hitzegitea tokatu zitzaidan telefonoz zuzenera pasatzeko, zu iraken zeudela Jose Cousoren hilketa gertatzu zenean, zer uste duzu iraken lengo egoeraz eta oraingoaz? Politikak ekarriko al du bakea, edo amerikarrek berriz txikitu behar dute Irak Askatu bat pentsatzen dutenen bizia?
iñaki
Ezin da zalantzan jarri orain lehen baino okerrago daudela, bizi baldintza zeharo eskasak dituztelako: argirik ez dute, lapurretak... Sadamen garaian baino okerrago daude.
Nik uste, bakea lortzeko oraindik urte asko iragan beharko dutela, eta ez dut ukatzen gerra zibila egongo denik, biztanleriaren zati bat ez dagoelako ordezkatua gobernuan.
2. Kazetaria naiz ta kurrikulum bikaina daukat. 25 urte, lan egiteko gogo haundiak eta baita ikasteko ere. Halere, langabezian nago. Nola ba egin zenuen zu korrespontsala izateko?
Aritz
Animo Aritz. Orain lehen baino aukera gehiago dagoela uste dut, hori bai, soldata onik gabe. Nik zorte handia izan nuen beka lortu nuelako.
Zure egoeran zain egon beharrean mugitu egingo nintzateke, zerbait lortzen saiatu. Nire esperientziarekin zera esango dizut: korrespontsalak kazetari onenak bakarrik izan daitezkeela esaten dute, baina ez da egia.
3. behiñe esan al dizue Xabi Alonson antza dakezula ze kristona dakezu .
azpeitiar bat
Askotan esan ere. Hori dela-eta ligatu ere egin izan dut, tristea bada ere. Nahiago nuke haren soldata eta hanka zuzena izan banu nik ere.
4. Poliziak Iker Iparragirre azpeitiarra atxilotzera joan ziren. Ez zuten harrapatu, Iker lasterka joan zen, eta poliziek tiroak bota zituzten airera. Oihartzun handia izan zuen komunikabideetan; ETBn bertan barne. Baina DVn ez zetorren lerro bat ere hurrengo egunean. Kazetaritza al da hori? Edo zer da?
Txomin
'El Diario Vasco'n agertu behar luke lokalei garrantzia ematen dielako. Gaur egun, komunikabide guztietan egiten dira horrelako 'akatsak'; bat bera ere ez da libratzen.
5. Zure aita kazetaria eta bertsozalea da. Zu kazetaria, behintzat bai. Bertsozalea?
Andres
Ez. Nahiz eta kultura aberatsa izan, nire jakinmina ez da bertsoetara eta trikitira mugatu. Egia esan asetua nago hainbeste aldiz entzun ditudalako, baina beste musika mota bat entzuten dut.
6. Azken boladan nabarmenak dira gatazka eremuetan lanean diharduzuen kazetariok jasan duzuen gerra zikina: tirokatuak, mehatxuak... Informazioa kontrolatu nahi da. Nola ikusten duzu hau guztia zure esperientziatik?
Aitor
Azken boladan oihartzun handia izan du, lehen zuena baino. Baina beti egon da informazioa kontrolatzeko grina hori. Espainian Coussorenak eragin handia izan du, baina, betiko kontua da informazioa kontrolatu nahi izatea.
7. Gerran ikusi dituzun moduko irudiak ikusteko, haraino joan behar al da?
Ion
Ez, baino ez dute zerikusirik batzuk eta besteek. Gerra, gertatzen diren sarraskien muturra da.
8. Aupa Joseba. Nola iritsi zinen telebistara? hori al zen zuk nahi zenuena?
Joseba
Bai. gatazken informatzailea izatea zen nire nahia, eta behin, nire aurrean nagusiak dei bat egin zuen lan horretarako norbait behar zuela esanez. Orduan, neuk egingo nuela esan nion eta halaxe hasi nintzen. Kasualitatea izan zen.
9. zer dek nayo gaur eguneko aurkezle eo gerrako korresponsal izetie?
Mari
Bigarrena, zalantzarik gabe.
10. Zer sentitzen da gerra baten erdian?
Maite
Inpotentzia eta pena handia. Azkenean egunerkotasunean sartzen zara, gertatzen dena azalean edukitzen saiatuz, bestela guzti hartaz pentsatzen hasiz gero... Gero bai, gerora hasten zara gertatutako guztiaz ohartzen.
Hala ere, gizakiak egoera mikatzetara erraz ohitzeko joera du, nahiz eta geure buruari esan zein mikatza edo penagarria den.
11. ETBn zentsuriek existitze al du?
azpeitiar bat
Niri ez didate inoiz esan hau edo hura ezin dudanik aipatu. Komunikabide publikotan, gehienetan behintzat, zaila da hori gertatzea ere, kontraproduzentea delako. Nik esango nuke autozentsura dagoela, nagusiak zer pentsatuko duen, zer nahiko duen eta zer ez... pentsatzen dugulako.
12. Gerrako korresponsalek asko edaten dutela diote. Mitoa ala egia da?
Arantxa
Iraken edaten genuen, lo egitea zaila zelako. Noizean behin harrapatu izan dut bat edo beste, baina ez naiz zalea ere. Lasterketetan ere ibiltzen naiz eta horretarako zaindu egin behar.
13. Beste herrialdeetako gatazken berri ematean, kanpo perspektiba horretatik, nola ikusten duzu Euskal Herria?
Xuban
Askotan galdetu didate hori. Euskal Herrian gatazka badagoela garbi dago. Hala ere, nik uste haietaz hitz egitean errespetua zor diegula gerran dabiltzanei eta hirugarren mundukoei, adibidez, guk hiru otordu egiteko aukera dugulako eta eurek bat bera ere ez.
14. Kaixo Joseba. Beste liburu bat idazteko aukera izango bazenu, zerri buruz idatziko zenuke?
Marijo
Ez dakit. Errespetua diot liburua idazteari; ez da oso erraza. Nik eginiko historio bat idatzi nuen, eta hori errazagoa da. Baldin eta Atxagak ez badit bere trebetasunen bat ematen zaila ikusten dut aurrekoaren moduko beste zerbait ez dena idaztea.
15. Hemen elkarrizketatua izaten ari zara, zer da zailagoa galderak egitea edo erantzutea?
Maite
Egitea.
16. Zuri deklaratutako gerra bateko korrespontsal izatea tokatu zaizu. Baina hemen ere deklaratu gabeko gerra bateko kazetari zara nolabait esatearren. Zer da zailagoa? Zer betetzen zaitu gehiago, urruneko gerra kontuak kontatzeak edo zure herriko borrokakarazoak kontatzeak?
Maite
Gure herriko arazoen parte gara denok. Horregatik, askotan, errazagoa da kanpotik kontatzea. Hemengoak beti izango du ñabarduraren bat. Aldiz, kanpokoa gaizki dagoela esatea, esker onekoa izan ohi da.
17. Oraindik azpeitiar sentitzen al zara?
Maialen
Ez. 12 urterekin joan nintzen Azpeititik. Zarautzen bizi eta hasi izan naiz geroztik eta nire burua zarauztar daukat. Hala ere, hizkeran Azpeitikoa naizela antzematen zait, etxean azpeitiarrez egin ohi dugulako. Adibidez, Bizkaian hitzaldiak ematen ditudanean-eta ez dut gogoko izaten euskara bauan egitea, baina, bestela ez didatelako ulertuko pentsatzen dut eta azkenean halaxe egiten dut.
18. Azpeitia, Zarautz edo Getxo?
Laida
Denetik pixkat. Leku denetan ibiltzea gogoko dut. Madrilen ere egon izan naiz, eta gustura gainera. Berdin izango litzaidake Euskal Herrian edo Madrilen egon, baina hori bai, asteburuak pasatzeko-eta Zarautz.
19. Kaixo Joseba. Nere galdera hauxe da: zure iritziz, euskal kazetaritzak ba al du etorkizunik? Errezago irakurtzen, ikusten edo entzuten ditugu erderazko programak. Zer diozu honi buruz? Eskerrikasko.
Anonimoa
Ez dakit espiaren bat ote duzun nire buruan, baina nire kezka nagusia asmatu duzu. Euskaldunok erdarara jo ohi dugu sarri, eta hori aldatzea gure esku dago. Baikorra izan nahi nuke. Nik uste horretarako euskarazko telebista modernizatu egin behar dela eta erakargarri egin. Adibidez, niri pilota eta futbola ez zaizkit gustatzen eta horregatik ETB1-eko programazioaren tarte handi bat ez dut ikusten.
20. Euskal Irrati Telebistan alderdi politikoen presiorik sumatzen al da?
Anonimoa
Bai, eta hauteskunde garaietan batik bat. Baina presioa alderdi guztietatik dator: Dagokien denbora eskatzen digute, guztiek berdina izan behar dutela...
Eskerrik asko egindako galderengatik, baina, zorrotzagoak espero nituen, eta uste dut aukera galdu dela. Ni prest nengoen inplikatzeko. Hurrengoan izan beharko du.
Beste bat arte.